«Datuak sortzeko makinak egingo dituen enpresa da Dataola»
Duela urtebete sortu zuen Jon Aramendiak Dataola proiektua. Goierriko Negozio Berrien Fabrikan dago. 6.000 euroko sariarekin, softwarea erosi eta lantaldea handitzeko asmoa du.
Zer da Dataola?
Datuak sortzeko makinak, instalazioak, dispositiboak… egingo dituen enpresa bat, sistemak edo instalazioak egin, datuak jaso, datuak garraiatu eta datu base batean jarriko dituena. Produktuari buruzko ezagutza handitu, eta enpresaren eraginkortasuna hobetuko da.
Zein daturi buruz ari zara?
Bezeroak nahi duena. Adimen artifizialaz asko hitz egiten da, baina horren materia prima datuak dira. Zerbait behar duzu neurketak egiteko, edo informazio hori lortzeko. Kasu batzuetan komertzialak daude, eta beste batzuetan plan bat edo makina garatu behar da. GHk adibidez, jakin nahi du garabi horrek zenbat aldiz altxatu duen pieza bat, piezen batez besteko pisua zein den, zenbat ordu egon den martxan… 200 ordutara olioa bota behar baldin bazaio, mantenimendukoak badaki eta abisua pasatuko du. Beti egongo beharko da norbait, datuak aztertu eta zenbaki batean jarri beharko dituena.
Gero eta datu gehiago sortzen eta jasotzen dira.
Geroz eta errazagoa da, eta izango da. Denok daukagu ordenagailu bat poltsikoan, oso-oso potentea, oso abiadura azkarretara konektatu daitekeena. Garraio aldetik 5G-az hitz egiten ari da, baina paraleloan Nb Iot dago.
Zer da Nb Iot?
Beste sare bat, abiadura baxukoa, iritsiera oso handikoa eta energia kontsumo oso baxukoa. Bateriarekin elikatutako sistemak edozein tokitan jarri ahal izango da. Eta beste iraultza bat ere badator, sateliteko transmisio kostuak asko jaitsiko dituena. Elon Musk-ek Starlink sortu du eta satelitez bidaltzen hasi da. 12.000 satelite jarri behar dituzte orbita baxu batean. Merkea eta azkarra izango da, edozein tokitan egongo da aukera.