Iraunkortasunari ekitaldi sorta eskaini diote gazteek Lazkaon
Lazkaoko Gazte Asanbladak antolatutako ekitaldien artean, 'Hondar 2050' dokumentala emango dute gaur. Larunbatean, Agauntza erreka garbituko dute.
Lazkaoko Gazte Asanbladak Iraunkortasunean hezten egitaraua antolatu du, aste honetarako. Tailerrak, dokumental emanaldia eta urteroko erreka garbiketa egingo dituzte astean zehar. Ingurumena zaintzeko kontzientzia indartzea eta hondakinak gutxitzeko ekinbideak hartzea dira helburuak.
Egitarauko lehen ekitaldia gaur izango da. Hondar 2050 dokumentala emango dute, plazako frontoian, 22:00etan. Astearteroko kanpoko ikuskarien egitarauan ere sartuta dago. Itsasoan metatzen den hondakinaren eta plastiko saldoaren gain ipintzen du arreta ikus-entzunezkoak, Cesare Maglionik zuzendua.
45 minutuko lanean, ‘Gure zaborra, gure arazoa‘ printzipioa garatzen du Hondar 2050ek, eta itsasoak zabortegi bihurtzen ez jarraitzeko, zenbait irtenbide ere eskaintzen ditu. Lazkaon, jarduera bat burutu da jada, Gazte Asanbladak proposatuta: Agauntza errekaren inguruko baranda-barrenak burdin-sarez hartu ditu udalak, kalean eta kafetegiko terrazetan sortzen diren plastiko txatalak batzeko, ibaira —eta ondorioz itsasora— eror ez daitezen.
Erreka garbiketa zapatuan
Petrolioaren eratorriak saihesteko eta kontsumo jasangarria bultzatzeko, bi tailer praktiko ere egingo dituzte zikloan zehar. Xaboi organikoa nola egiten den eta zer onura dauzkan azalduko dute biharko tailerrean, Esparru elkartean, 18:00etan.
Zilar paperaren alternatibak zeintzuk diren jorratuko dute bigarren tailerrean, ostiralean, Esparru elkartean 18:00etan hori ere. Jakiak biltzeko alumuniozko bilgarrien kalteak eta erabilera bakarra nola saihestu ikasi ahalko da, besteak beste.
Iraunkortasunean hezten zikloko azken ekimena erreka garbiketa izango da. Urteroko moduan, Agauntzaren herrigune pareko ibilgutik hondakinak eta zaborrak aterako dituzte gazteek eta parte hartu nahi duten boluntarioek. Plazan elkartuko dira, larunbatean 10:00etan.