Legealdi honetan lau liberatu izango ditu Zumarragako udalbatzak
PSE-EEko Mikel Serrano, Rosa Maiza eta Arantxa Gonzalez eta EH Bilduko Ainhoa Osinalde izango dira. Azken honen funtzioa gobernuaren lana kontrolatzea izango da
Zumarragako udalbatzak lau liberatu izango ditu legealdi honetan: orain arteko hiruei EH Bilduko Ainhoa Osinalde gehitu zaie. Udal Legeak oposizioko lehen alderdiak liberatu bat edukitzea aholkatzen du (gobernuaren lana kontrolatzeko) eta EH Bilduk aukera hori baliatzea erabaki du.
Beste hiru liberatuak PSE-EEko Mikel Serrano, Rosa Maiza eta Arantxa Gonzalez izango dira. Serrano alkatearen soldata gordina 4.476 eurokoa izango da, Maizarena 4.028 eurokoa, Gonzalezena 2.279 eurokoa eta Osinalderena 1.025 eurokoa. Serrano, Maiza eta Gonzalez egun osoz arituko dira eta Osinalde egun erdiz.
Lau liberazioak eta dagozkien soldatak PSE-EEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Zumarragaren botoekin onartu ziren. EAJ abstenitu egin zen, aurreko legealdian gaiari buruz sakon hausnartzea proposatu zuelako eta hausnarketa hori oraindik ez delako egin.
Osoko bilkuran kide anitzeko organoetan udalaren ordezkariak zeintzuk izango diren ere zehaztu zen. Urola kirol elkartean Mikel Serranok ordezkatuko du udala, hiru ikastetxeetan Nerea Errastik, Urolako Industrialdean eta Udal Euskaltegian Rosa Maizak, Ur Kontsortzioan Serranok, Sasieta Mankomunitatean Serranok eta Marimar Iglesiasek, Goierriko Mendi Nekazaritza Elkartean (Goimen) Serranok, Secundino Esnaola musika eskolan Maizak eta Errastik, Zubillaga hiltegian Serranok, eta Haurreskolan Errastik. Guztiak PSE-EEko kideak dira eta Josu Aztiria EH Bilduko bozeramaleak oposizioko alderdietako kideek ere udala ordezkatzeko aukera emateko eskatu zuen.
Alkateordeak
Bukatzeko, alkatetza dekretu batzuen berri ere eman zen. Besteak beste, alkateordeak zeintzuk izango diren jakinarazi zen. Lehen alkateordea Maiza izango da, bigarrena Jose Mari Bermejo, hirugarrena Gonzalez eta laugarrena Errasti.
Alderdien bozeramaleak zeintzuk izango diren ere jakinarazi zen. PSE-EEren bozeramalea Maiza izango da, EH Bildurena Aztiria, EAJrena Josu Idigoras eta Elkarrekin Zumarragarena Ines Benitez.