Parkourra zer den eta nola egiten den ikasteko aukera, gaur, Uztakalen
Nerabeentzako Zerbitzuak antolatutako ekintza da, Uztakalen txertatu dutena. Tailerra Asturiastik datorren taldeak egingo du arratsaldean. Goizean murala margotuko dute gazteek
Nerabeentzako Zerbitzuak proposatuta egingo dute gaur parkour tailerra Legazpin, Uztakale programaren barruan. Tailerra arratsaldean izango da Euskal Herria plazan; eguraldi txarrarekin Azokan egingo dute. Ez da baina gazteek gaur daukaten hitzordu bakarra. Zerbitzuan ari diren nerabeek murala margotuko dute goizean eta 13:30ean zerbitzua kalera aterako dute futbol-mahai jolas eta guzti, ondoren elkarrekin bazkalduko dute eta parkour tailerraren bueltan jarraituko dute Uztakalek nerabeei bereziki eskainitako ekintzan aritzeko.
Parkour tailerrean 10 urtetik gorako gaztetxoek parte hartu ahalko dute. Parkourra oztopo jauzietan eta akrobazietan oinarritutako kirola da. Tailerra Asturiasko talde batek egingo du. Tailerraz gain, erakustaldia eta Parkour Kros edo Chase Tag delakoa egingo dute, hau da, oztopoak jauzita harrapaketan jolastea. Moduluak erabiliko dituzte oztopo gisa, eta modulu horiek forratuta egongo dira babestuago egon daitezen. Modulu horiekin osatuko dute oztopoen zirkuitua.
Parkour saioa 17:30ean hasiko da eta 20:30era arte arituko dira. Hasteko, ekintzaren aurkezpena egingo dute eta segurtasun arauak zeintzuk diren azalduko diete parte hartzaileei. Jarraian beroketak egingo dituzte eta ondoren oztopoak gainditzeko mugimenduak zeintzuk diren ikasiko dute poliki-poliki. Parkour adituetako batek erakustaldia egingo du saioa amaitu baino lehen.