Azken Sustraiak taldeak bigarren diskoa kaleratu du: 'Utopian gara aske'
Irailean hasiko dute lan berriaren aurkezpen bira. Hamabi kantuk osatzen dute. Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko eta Legazpiko hainbat tabernatan salgai dago, 8 euroan
Azken Sustraiak musika taldeak hamabi kantuz osatutako bigarren diskoa kaleratu du, Utopian gara aske izenburuarekin. Azal berri bat (2017) izeneko lehenengo diskoa aurkezteko 29 kontzertu egin ondoren, udan atsedena hartu, eta irailean egingo diote Utopian gara aske Tourrari. Momentuz, Azpeitiko Gaztetxean eta Donostiako Dokan ditu lehenengo kontzertuak lotuta Joseba Agirrek, Xabi Etxezarretak, Unai Migelek, Ander Mendiluzek eta Simon Maciasek osatzen duten taldeak.
Dena den, Beasaingo (Arrano, Irizar, Hiruki), Ordiziako (Herriko, Pub Haka), Lazkaoko (Giroa, Herriko) eta Legazpiko (Karibe Zaharra) hainbat tabernatan dagoeneko salgai dago diskoa, 8 euroan. Unai Migelek aurreratu duenez, «pixkanaka joango gara youtubera kantak igotzen, eta irailean disko guztia igoko du-gu». Taldekideen esanetan gainera, «harrera» ona izan dute lan berriek eta hainbat tokitan disko gehiago eraman behar izan dituzte. Ander Mendiluzeren esanetan, «orain jende gehiagok ezagutzen gaitu, aurrekoa lehenengoa zen, eta gogoarekin zegoen. Beste estilo bat da egiten duguna, hemen asko jorratzen ez dena. Lasaixeagoa, melodikoagoa. Jende gehiagorengana iritsi dela dirudi».
Estiloari dagokionean, lehenengoaren ildo beretik landu dituzte kantu berriak, Beasaingo Antzizar Kirolegiko sormen gunean: «Punk-rock, rock&rolla gehiago. Akustikoak, azkarragoak, denetik dago disko honetan. Bakoitzari ateratzen zaiona egiten dugu, guri gustatzen zaizkigun estiloetatik jota».
Hala ere, Simon Macias taldekide berriarekin bigarren gitarra sartuta, «indar gehiagoko» kantuak egin dituztela nabarmendu dute Mendiluzek eta Migelek: «Indar pixka bat irabazi dugu bigarren gitarra sartuta. Beste aurrerapauso bat egin dugu, indar gehiago lortzea soinu aldetik, eta lortu dugu». Fredy Pelaezen Pottoko estudioan hasi ziren diskoa grabatzen; bateria eta baxua bertan grabatu zituzten. Baina «denbora arazoa tarteko», azkenean, Iruñeko K estudioan amaitu dute, Alberto Porrasekin.
‘Cristales rotos’ entzungai
Bigarren diskoko Cristales rotos kantua entzungai dago dagoeneko sarean. «Abesti oso berezia da guretzat, norberaren zauri zein orbainetaz hitzegiten duena, baina barnean daramatzagunetaz, ikusezinak izan arren garena izatera eraman gaituztenak, guk nahi ala ez. Eduardo Galeanok La cancion de nosotros liburuan dioen bezala, bat ez da berdina. Aldatu egiten gara. Lehen golpea jasaterakoan, pertsona bat zara. Milagarren golpea jasaterakoan, beste bat zara, edo erdia. Hori bai, norberarenga-nako errespetu eta leialtasuna gauzarik garrantzitsuenak direla inoiz ahaztu gabe».