Gaur irekiko dute Zeraingo Ostatua, eta Mandioa larunbatean
Aihert Izagirre segurar sukaldariak hartu du Ostatuaren ardura eta Maria Luisa Aizpeola idiazabaldarrak Mandioarena. Biek esperientzia handia dute sukaldean
Azkeneko asteeetan Zeraingo erdiguneko bi tabernak itxita egon badira ere, aste honetatik aurrera, berriz ere egunero egongo dira irekita Ostatua eta Mandioa. Gaur, 19:00etan, inauguratuko dute Ostatua, eta larunbatean Mandioak irekiko ditu ateak.
Aihert Izagirre Segurako sukaldaria arduratuko da Ostatuaz. Azkeneko urteetan Lierniko Mujika jatetxean aritu da eta orain, erronka eta esperientzi berriari ekin dio Zerainen, etxetik gertu oraingoan ere: «Seguran Zeraingo Atearen gainean jaiotakoa naiz, Zerainera begira». Izagirreren esanetan, «sukaldaritza tradizionala, baina platerak sortzeko garaian teknika berriak aplikatuta» eskainiko du: «Klasikoa, baina ukitu txiki batekin».
Astean zehar eguneko menua eta menu berezia eskainiko ditu; eta asteburuetan, menu berezia eta karta. «Terrazan, errazioak, ogitartekoak eta plater konbinatuak ere eskainiko ditugu, ukitu bereziarekin». Asteko atsedena astelehenetan egingo du. Bertako eta sasoiko produktuak izango ditu ardatz: gazta, sagardoa, eztia, arkumea…
Izagirren sukaldatzeko moduaren isla izango da Ostatuko taberna eta jangela. «Itxura berria eman nahi izan diogu, eskaintzen dugunarekin bat datorren dekorazioarekin. Beste ukitu bat eman nahi izan diogu tokiari».
Mandioan etxeko janaria
Bestalde, aita zeraindarra zuen Maria Luisa Aizpeolea idiazabaldarrak hartuko du Mandioko tabernaren eta sukaldearen ardura. Aizpeoleak esperientzia handia du sukaldean eta Katalina Goia sukaldari zenaren jarraitzailea da.
Ilusioz hartu du Mandioaren ardura eta «etxeko-etxeko jana» prestatuko duela aurreratu du, etxekoen laguntzarekin. «Ogitartekoekin hasiko naiz larunbatean eta pixkanaka eskaintza handitzen joango naiz: eguneko menua, arrazioak eta plater konbinatuak». Astearteetan izango dute asteko atseden eguna Mandioan.