Aurreneko korrikalariak hasi dira dortsalak jasotzen
Ehunmilak lasterketa hasteko dena prest dute dagoeneko antolatzaileek. Gaur hasi dira korrikalariak Beasaina inguratu eta lehendabiziko dortsalak hartzen. Eguraldi iragarpenak giro ona agindu du, nahiz eta zaparradaren bat bota dezakeen.
Hasi da Ehunmilen festa handia. Dagoeneko nabari da lasterketa aurreko giroa Beasaingo kaleetan. Boluntarioak ere hasiak dira prestaketa lanekin. Gaur Gernika pasealekuko pilotalekuan bildu dira horietako asko, korrikalariei lehen harrera egin eta dortsalak banatzeko. 17:00etan hasi dira lan horretan, eta 20:00ak arte bertan izango dira.
Gaur pasa ez diren korrikalariek datozen egunetan ere izango dute dortsalak eta materiala jasotzeko aukera. Bihar, Ehunmiletakoek goizez (10:00-15:00) eta G2Hkoek goiz (10:00-13:00) eta arratsaldez (18:30-20:30) jaso ditzakete. MariMurumendikoek berriz, larunbat arratsaldean (18:30-20:00) eta igande goizean (06:30-07:30) izango dute aukera.
Eguraldi ona, baina ekaitz arriskuarekin
Eguraldiaren pronostikoa alde izango dutela dirudi asteburuan zehar. Ostiral arratsalde eta gauerako giro egonkorra iragari dute. Larunbat goizaldean lanbro apur bat egin dezake. Arratsaldean, bero hodeiak ugaritu eta zaparrada trumoitsuren bat botatzeko arriskua dago. Baina gainontzean larunbatetik iganderako gaua lasaia izatea espero da.