2016. urtean gertatu zen erasoa inguruko enpresa batea. Legorretako eta Itsasondoko Udalek, Gipuzkaoko Foru Aldundiak, Legorretako talde eragileek LAB sindikatuak bat egin dute eraso horren aurka.
Ostiral arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Legorretan, inguruko lantegi batean gertatutako sexu erasoagatik. 2016an gertatu zen erasoa, baina aste honetan jakinarazi dute sententzia. Salaketa jaso zuen pertsonari bi urteko gartzela zigorra ezarri diote.
Gertaera Goierrin gertatu izanagatik eta herritarren artean zabaldu den ezinegonaren aurrean, Legorretako eta Itsasondoko udal ordezkariek aho batez adostu dute adierazpen bat: batetik, gertatutakoagatik «ezinegon eta samin handiena» agertu nahi dute bi udalek eta «erabateko babesa azaldu, erasoa jasan zuen emakumeari».
Sexu jazarpen eta abusuko kasu hori «ez da eraso bakana, kasu isolatu gisa hartu beharrekoa». Indarkeria matxistaren «beste agerpen bat» dela salatu dute, «eguneroko desberdintasun eta zapalkuntzaren muturreko adierazpena» delako. Emakumeen aurkako «egiturazko indarkeria baten barruan ulertu behar» da, beraz, «sexu abusuko kasu hori ere».
Udal ordezkariek adostu dutenez, «guzti-guztien zeregina da indarkeria horri aurre egitea». Enpresek «erantzukizuna» badutela adierazi dute, horrela, «beren esparruan horrelako kasuak saihesteko». Baina «herritarrek ere badute erantzukizuna, isilik ez geratuz, erasotzaileen jarduna salatuz, eta biktimak errespetatuz eta zainduz». Eta, noski, «erakundeek ere badute ardura, eta saihesteko bideak jartzea, prebentzio lana egitea, eta biktimak babestea da egin beharreko lana».
Alde horretatik, Legorretako eta Itsasondoko udalek jakinarazi nahi dute, martxan jarri duela Gipuzkoako udalerrietan indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa, herrialdeko udalek eta diputazioak adostua.
Protokolo horri jarraituz, eta «indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko», bi udalek bat egiten dute herriko talde feministak antolatutako elkarretaratzearekin. Ostiralean izango da, 19:00etan, Legorretako plazan. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Legorretako talde eragile guztiek eta LAB sindikatuak bat egin dute erasoaren aurka.