Festarako prest dago Goiko Kale
Txamarretxeko festa ospatuko dute etzi. Artzain eta errekarderen auzo, eta hainbat pertsonaia ospetsuren sorlekua ere bada. Arrese jatetxea berriz irekitzeak hauspoa eman die antolatzaileei.
Aurten ez da berdina izango». Hitz horiekin hasten zen iaz egunkari honek Txamarretxeko festa iragartzeko argitaratu zuen kronikak. Arrese taberna-jatetxearen itxierak hutsune nabarmena utzi zuen auzoan. Hura arduratu zen urteetan festa eguneko afaria emateaz, eta lan hori haien gain hartzea erabaki zuten iaz festaren antolaketan aritzen diren auzotarrek. Festa egunean zein bezperan taberna zerbitzua eskaini zuten, eta iluntze partean berealdiko erauntsia bota bazuen ere, jaiari eusteko adorea izan zuten, umorez.
Aurten bestelakoa da egoera. Zabalik dago atzera Arrese jatetxea, eta haien eskutan da berriz afaria jartzeko ardura eta txartelen salmenta. Taberna atarian jarriko duten karpan emango dute. Baina festa arratsaldean hasiko da, Juan Inazio Iztuetaren jaioetxearen aurrean Iztuetaenea edo Kanpandegi izena du etxeak haren abizena daraman taldeko dantzariek egingo duten saioarekin.
Segidan ohiko toka jokoa, eta tarte horretan, ardoa eta gazta banatu dute auzotarrek. Azken urteetan egin ohi duen moduan, Iñaki Larrarte sagardozaleak upela ere jarriko du. Bertsotan Unai Agirre eta Aitor Mendiluze ariko dira aurten, eta trikitia joz klasiko batzuk, Agurtzane eta Ion Elustondo anaia-arreba legazpiarrak. Festa Txamarretxe plazatik Arreseneko atarira pasako da gero, afaritarako.
Historia luzeko auzunea
Garai batean zamarrak eta kapusaiak egiten zituzten auzoko Elosegi-Enea etxean, eta hortik datorkio Txamarretxe izena. Artzain eta errekarderen auzoa ere izan zen. Asko ziren bertan bizi eta handik Aralarrera abiatzen ziren artzainak. Errakerderek, berriz, hornigaiak erosi, eta ferietan eta salpostuetan saltzen zituzten.
Iztuetaren jarraitzaile Jose Antonio Olano dantza maisua ere auzoan jaio da, Iturritza etxean. Txikia izateko, plakaz eta inskripzioz betetako eremua da Goiko Kale, haren historiaren erakusgarri. 1984az geroztik ospatzen duten festa egunerako prest dira berriz zaldibiarrak.
Egitaraua:
Larunbata, hilak 13
· 18:30. Iztueta taldeko dantzarien saioa. Plazatik irtengo dira kalejiran.
· 19:15. Toka txapelketa. Izen ematea 18:30etik 19:15era.
· Aldi berean. Urteroko usadioari jarraituz, ardoa eta gazta banatuko dute auzotarrek, eta Larrartek sagardo upela jarriko du.
· 20:15. Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolarien saioa.
· 21:00. Afaria Arrese jatetxean.
· Afalondorenean. Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariekin erromeria, eta bertsolariak.