Futbol, pilota eta saskibaloi txapelketak bukatzear
Asteburuan jokatuko dute Ordiziako 40. Futbol Txapelketako finala. Pilota txapelketa herrikoia eta 3x3 saskibaloi txapelketa ere azken fasean sartuko dira.
Ordiziako kuadrillen arteko futbol, saskibaloi eta pilota txapelketak laster amaitzear dira eta horrek esan nahi du finalak ere egun batetik bestera jokatuko dituztela.
Futbol Txapelketako 40. finala jokatuko dute lehenik. Larunbatean izango da, hilak 13, Altamirako anexoan. Hori baino lehenago, 10:00etan, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte. Gauss eta Mokela taldeen artean banatuko dituzte postu horiek.
Eguerdian, 12:00etan, Embiel eta Km 39 taldeek neurtuko dituzte indarrak txapelketaren final handian, orain hamabost egun finalerdiak irabazi ondoren. Partida amaituta, guztiak batera Beti Alai pilotalekuan elkartuko dira bazkaltzeko. 300dik gora pertsona elkartuko direla aurreratu du antolakuntzak.
Pilotakoa ere azkenetan
Azkenik, Emaneurrek antolatutako XIII. Pilota Txapelketa Herrikoia ere azken txanpan dago. Bihar ostirala, sailkapen fasea bukatuko dute, eta hortxe erabakiko da final handira joango diren bikoteen izenak. Aurtengoan, 30 bikotek parte hartu dute, eta hiru taldetan egon dira banatuta, mailaren arabera. Hori horrela, datorren uztailaren 17an, asteazkenarekin batera, hiru final jokatuko dituzte, pilotaleku txikian, 18:30ean hasita.
Saskibaloiko finala 18an
Kuadrillen arteko Saskibaloi txapelketa ere azkenera iristen ari da. Aurtengoa 38. edizioa da. Atzo jokatu zituzten sailkapen faseko azken partidak eta Santa Ana jaien hasieraren bezperan jokatuko dute finala, uztailaren 18an, ostegunean, Jose Migel Barandiaran plazan, 19:30ean hasita. Ordizia Kirol Elkarteak izan du beste behin antolakuntzaren ardura.