«G2H egiteko egundoko gogoarekin nago»
Iaz ere irten zuen azpeitiarrak Goierriko Bi Handietan, baina lasterketa bertan behera gelditu zenez, ezin izan zuen osorik egin. Har horrekin gelditu eta aurten berriro izena eman du. Probarako gogoz dago.
Gogo handiarekin dago Nerea Azpiazu (Azpeitia, 1976) Goierriko Bi Handiak egiteko, «oso motibatuta». Hain distantzia luzeko (88 kilometro) probarik ez du inoiz egin, eta erronka du bukatzea. Ibilbidearen gaueko zatian bakarrik gelditzeari dio beldur pixka bat, baina gainontzean animo faltarik ez du.
Goierriko Bi Handietan irtengo duzu. Zergatik?
Iaz izugarrizko ilusioa neukan proban parte hartzeko, entrenatzen topera eta oso gustura ibili nintzen. Irten nuen, baina ekaitzagatik lasterketa bertan behera utzi zuten; Larraitzen geldiarazi gintuzten gu. Antolatzaileen erabakia zentzuzkoa izan zen, baina izugarrizko pena neukan. Har horrekin gelditu nintzen, eta aurten berriro izena emango nuela garbi neukan.
Aurten berriro izena eman zenuen, baina itxaron zerrendan gelditu zinen hasieran.
Bai, bost minutuan inskripzioa bukatu egin zen, eta itxaron zerrendan gelditu nintzen, ia 40.a. Zain egon behar izan nuen ia martxora arte, orduan abisatu zidaten zerrenda aurrera zihoala eta inskripzioa egin behar nuela. Aurretik, ordea, entrenatzen hasita nengoen tokatuko zitzaidanaren esperantza horrekin.
Zer berezitasun dauka lasterketa honek zuretzat?
Nik inoiz ez dut egin horrelako distantzia luzeko lasterketarik eta erronka bat da. Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak… sekulako izen ona dute, eta egin dituzten guztiak oso gustura gelditu dira, antolaketarekin eta ibilbidearekin. Azkenean, mendiko lasterketak egiten hasten zara, zirkulu batean sartu, engantxatu, eta pixka bat gehiago egitea nahi izaten da.
G2Hrako zer helburu jarri diozu zeure buruari?
Ez dut inoiz egin, eta ez daukat erreferentziarik. Beraz, ez dakit. Taldean nire antzera ibili den jendeari galdezka jardun dut, eta 16-17 ordutan egitea nahiko nuke. Baina horrenbeste ordutan hainbat kontu gerta daiteke, hankak direla, urdaila, burua… Dena den, erritmo eroso bat hartu eta bukatzea dut helburu nagusia. Proba egitea izugarria izango litzateke.
Nola prestatu duzu lasterketa?
Astegunetan neure kasa aritzen naiz eta asfaltoan ibiltzen naiz, normalean; egunean ordubete edo ordu eta erdi bat. Goizean goiz entrenatzen dut, goizeko seiretan. Gero, astean behin-edo saiatzen gara bi-hiru lagun elkartu eta Azpeititik Xoxotera joan-etorria egiten. Asteburuetan, berriz, 5-6 orduko buelta bat egiten dugu; irteera horiek taldean egiten ditugu, ordea. Entrenamenduak gogorrak egiten dira, ordu asko direlako, baina nik ondo eramaten ditut.
Taldean antolatuta ere entrenatzen duzue orduan?
Bai, Azkoitia-Azpeitia inguruko hainbat lagunekin WhatsAppeko talde bat daukagu. Bertan, asteburuetarako irteerak antolatzen dituzte, eta nahi duena apuntatu egiten da horietara. Normalean, asteburuetan ere goizean goiz egiten ditugu irteerak. Seme-alabarik-eta ez dutenak igoal beranduago irteten dira, baina gu goiz ibiltzen gara. Nolabait antolatu behar izaten da entrenamenduekin eta etxekoekin bat egiteko.
Eta burua nola prestatzen da proba luzeetarako?
Horrelako proba batetara apuntatzen zarenean, gogoa daukazulako izaten da. Entrenatzen ordu asko egin behar izaten dira, eta motibatuta egotea garrantzitsua da. Ni, behintzat, G2Hrako egundoko gogoarekin nago.
Azken bi hilabeteetan 60 kilometrotik gorako bi lasterketa egin dituzu: Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka eta Gasteizko Mendiak. Azken horretan, gainera, beteranoetan aurrena egin zenuen.
Denek esaten dute Leitzakoa G2H egiteko entrenamendu gisa ondo datorrela; oso-oso gogorra da eta desnibel dezentea dauka. Fisikoki eta mentalki gogorra da proba hori, hamar ordutik gora pasatzen ditugulako. Aurten bigarren aldiz egin dut, lokatz asko zegoen eta hotza egin zuen, baina bukatu nuen, eta gustura.
Gasteizko Mendiak, berriz, sorpresa bat izan zen. Oso azkarra da proba hori. Helmugan seigarren emakumea izan nintzela esan zidaten, ez besterik. Gero, altabozetatik entzun nuen nire izena, lehenengo beteranoa izan nintzelako, ez nuen espero. Horrelako emaitzek segitzeko motibatu egiten dute.
Mendian ibiltzen hasi aurretik, errepideko probak egiten zenituen. Nondik nora aldaketa?
Pixka bat aldatzeko gogoa neukalako. Gurasoak oso mendizaleak izan dira, eta haiekin txikitan asko ibili nintzen. Baina gogorarazten didate orduan beti protestan ibiltzen nintzela. Gero, Azkoitiko Zazpi Gurutze egiteko gogoa sartu zitzaidan, eta hura egiteko asmoarekin hasi nintzen mendian. Ondoren, inguruko jendearekin hasi nintzen irteten, eta bata bestearen atzetik etorri da. Asfaltoko probetan ere jarraitzen dut, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian saiatzen naiz parte hartzen, baita beste lasterketa herrikoi batzuetan ere. Hala ere, desberdina da; mendiko probetan erritmo desberdinetan ibiltzen zara eta bizitzen diren sentsazioak ere bestelakoak dira. Gainera, lagunarte polita ere badaukagu.
G2H orain, eta hurrengoa?
Momentuz ez dut inon gehiago izena eman. G2H pasatzen denean atseden pixka bat hartzeko gogoa daukat, eta gero gerokoak. Datorren urtean Hiru Handiak dira, eta gustatuko litzaidake hura egitea. Eta, Aizkorriko maratoia ere egin nahiko nuke, baina hor oso-oso zaila da irteteko aukera egokitzea.