GH-k «talentua» sarituko du
GH garabi enpresak 60 urte bete ditu eta «hazten jarraitzeko, onenak» nahi dituzte ondoan. Ikasleak eta doktoregaiak, eta enpresa proiektuak sarituko dituzte. Otsailaren 29rako aurkeztu behar dira lanak
Beasaingo GH Cranes garabi konpainiak «mundu guztiko talentua erakartzeko» GH Olea Saria antolatu du. «Harrobia landuz» eta konpainiaren marka sustatu eta garabiaren mundua erakargarriagoa egitearekin batera, dibertsifikazioranzko bidea ireki nahi dute, «negozio alternatiboak garatuz, beti ere, garabian oinarrituta». GHren sortzaile izan zen Olea familiaren izena jarri diote sariketari.
Bi arlo ditu lehiaketak. Lehehenengoa, ikasleei edo doktoregaiei zuzendu dago: «Karrerako azken urteko eta masterreko ikasleek osatutako lantaldeak, aplikazio komertziala izan dezaketen proposamen berritzaileekin. Edo beren ikerketen emaitzen aplikazio komertziala garatzeko interesa duten dokto- regaien lantaldeak».
GH Cranesek hiru gai proposatu ditu: segurtasuna garabiak maneiatzean; garabien eta prozesuen automatizazioa; eta digitalizazioa garabien lan-prozesuetan eta datu-tratamenduan. Bi proiektu sarituko dituzte: lehenengoak 6.000 euro eta bigarrenak 2.000 euro jasoko ditu. Horrekin batera, «talde irabazleek, ideia garatuko duen enpresa bat sortzeko bideragarritasun-plan bat ere egin dezakete, plan hori GH Cranes konpainiari aurkez diezaiokete, eta, azkenik, GH Taldearen babesean industrializa dezakete ideia hori (GH Taldeak jarduera hori finantzatzen lagunduko du)».
Enpresa proiektuak
Lehiaketaren bigarren saria, startup eta enpresa-proiektuetarako da: «Bidelagunak nahi ditugu, eta ekimen hau sortu berriak diren enpresei eta ekintzaile gazteei zuzenduta dago, betiere GH Cranesen jarduketa-esparruetako edozeinekin loturiko negozio-proiekturen bat badute». Kasu honetan ere, hiru gai proposatu dituzte: segurtasun-sistemak, automatizazioa eta prozesuen eta datu-tratamenduaren digitalizazioa. Irabazlearen proiektua babestuko du GH Cranesek, besteak beste, «proiektu berriko produktuak erosteari lehentasuna emanez, industria-bazkide gisa parte hartzeko aukeraren bidez, azpiegitura, ezagutza, langileak eta baliabide teknikoak ekarriz, eta bazkide kapitalista gisa parte hartuz».
Bi lehiaketetan parte hartzeko olea.ghcranes.com webgunean eman behar da izena, formularioa beteta. Proiektuak aurkezteko azkeneko eguna 2020ko otsailaren 29a da.
60 urteren eta 115.000 garabi jarri ondoren, etorkizunari begira jarrita
1958an sortutako enpresa da Beasaingo Salbatore auzoan kokatzen den GH polipasto, garabi eta osagaien enpresa. 60 urtean 115.000 garabi baino gehiago instalatu dituzte, eta «gaur egun, 60 urte geroago, hasieran genuen izpiritu ekintzaile eta independentearekin jarraitzen dugu». Munduko merkatu nagusietan dago GH Cranes& Components: «Ekoizpen eta merkataritza enpresa propioak ditugu eta kontinente guztietako 75 herrialdetan baino gehiagotan saltzen ditugu gure produktuak, merkataritza banatzaileen eta bazkideen bitartez». Lehiakortasun handiagoa emango dieten garabiak nahi izaten dituzte gure bezeroek, «eta baita hornitzaile global, integral eta independente baten soluzio globalak ere. Horretarako, onenak nahi ditugu gurekin, hazten jarraitu nahi baitugu. Pertsonak gure garapenaren muinean ipini behar ditugu. Horregatik, ekintzaileen talentua behar dugu».