Iker Gutierrezek irabazi du Santa Isabel jaietako argazki lehiaketa
Iaz ere Zumarragako argazkilari honek lortu zuen lehenengo saria. Bigarren saria Vicente Villarrek lortu du eta hirugarrena Jennifer Caballero bergararrak
Iker Gutierrez zumarragarrak Santa Isabel jaietako argazki lehiaketa irabazi du, bigarrengoz jarraian. Bigarren saria Vicente Villarrek irabazi du eta hirugarrena Jennifer Caballerok. Herriko argazkilari baten bilduma onenari saria Mikel Laiglesiak lortu du. Haurren mailan, lehen saria Raul Ruizek irabazi du, bigarrena Unai Azarolak eta hirugarrena Xabat Laiglesiak. Saritu guztiak Zumarraga eta Urretxukoak dira, Caballero izan ezik. Azken hau bergararra da.
Lehiaketan bederatzi argazkilarik parte hartu dute eta epaimahaia argazkia elkarteko hiru kidek osatu dute: Javi Alonsok, Jokin Antoñanak eta Iñaki Oiarzabalek. Sari banaketa ekitaldia larunbatean izango da: 12:00etan, Antioko interpretazio zentroan. Sariak banatu aurretik lehiaketara aurkeztutako lanak erakutsiko dituzte.
Parte hartzaileek sei argazki osatutako bilduma bat aurkeztu behar zuten. Gutierrezen bilduman helduen danborrada, haurren danborrada, zezentxoak, su artifizialak, Santa Isabel eguna eta dantza libreko txapelketa ageri dira.
Santa Isabel egunean ez zuen berak nahi zuen argazkia lortu. «Despistatu egin nintzen eta beste argazki bat atera behar izan nuen. Horri esker, argi dut zein izango den datorren urteko argazkietako bat. Hamar urte daramatzat dagoeneko lehiaketa honetan parte hartzen eta geroz eta zailagoa da ez errepikatzea. Sei argazki aukeratzea ere oso zaila da. Izan ere, 1.600 atera nituen. Santa Isabel egunean 500 atera nituen», azaldu du Gutierrezek.
1.600 argazki horietatik gehien gustatzen zaioan zezentxoena da. «Ez da beste argazki batzuk bezain ikusgarria, baina istorio bat kontatzen du. Argazkia ikusita, badakizu zer gertatu den eta gertatuko den».
Aurten, iaz ez bezala, su artifizialetako argazki bat aurkeztu du. Iaz ez zuen lortu, lainoa sartu baitzen. Dena den, ez da gustura gelditu. «Jaiak hasi baino hamar egun lehenago, dagoeneko banekien argazkia nondik aterako nuen eta enkoadraketa zein izango zen. Aurtengo suak ez dira aurreko urteetakoak bezain ikusgarriak izan, ordea».
Apar-festetako argazki bat aurkezteko aukerarik ez izateak ere amorrua eman dio. «Apar-festak asko gustatzen zaizkit, haurren ilusioa islatzen baitu. Oso argi nuen zein argazki atera nahi nuen, baina aurtengo lehiaketan ez digute apar-festetako argazkiak aurkezten utzi. Izan ere, hilaren 28tik aurrera ateratakoak aurkeztu behar ziren eta apar-festak egun batzuk lehenago izan ziren».
Hala eta guztiz ere, lehen saria lortu du. Horretarako, jaietako egun guztietan kamerarekin atera zen kalera. «Ordu asko eman ditut lanean. Jaietan, kamerarekin joan nintzen toki guztietara. Baita afaltzera ere. Nire bikoteari ez zaio batere gustatzen umeekin uztea argazki bat ateratzera joateko. Lehiaketan lortutako sariarekin afariren bat egingo dugu».
Gutierrez mugikorraren eskutik zaletu zen argazkigintzara. Parrandetako argazkiak ateratzen zituen eta pixkanaka zaletu egin zen. Aldizkariak eta tutorialak irakurtzen ikasi zuen eta egun reflex kamera bat du, noski.
Inguruko herrietako lehiaketetan parte hartzen du. Bere herriko jaietako lehiaketa bi aldiz irabazteaz gain, bere argazki bat National Geographic aldizkari ospetsuan argitaratzea lortu du. Argazki hori Mutrikuko portuan atera zuen.