«Nire onena ematen saiatuko naiz, besteei begiratu gabe»
Bizitza erdia trail munduan barneratuta darama Aby Zamora mendi lasterkariak (Saltillo Coahuila, Mexiko, 1979). Aurten ehun milietako probetan zentratzeko erronka du. Lasterketaz «gozatu» nahi du.
Salomon Mexiko taldeko korrikalaria da azken urteotan Zamora, erreferentzietako bat hango trailen munduan. Mexiko DFn dagoen zirkuitu batean trailean entrenatzen hasi zen orain hogei urte, eta giroak erabat erakarri zuen. Distantzia ertaineko probekin hasita, 2007an egin zuen lehen ultra, eta 2010ean lortu zuen lehen garaipena. Harrezkero, hamaika probatan lehiatu eta nagusitu da, gehienak Mexikon. Iaz osatu zuen 100 milietako lehen ultra-traila AEBetan, eta ondoren, Moab-eko 240 milietakoa –334 km– ere bai, herrialde berean. Ehunmilak aurtengo laugarren ultra izango du. Gaur bertan iritsiko da Beasainera.
Nolatan izan duzu Ehunmilak ultra-trailaren berri?
Aurten Ehunmiletan parte hartuko duen lagun baten bidez. Ultrei buruzko Interneteko atari batean zerbait irakurri zuen, eta informazioa bildu eran harra sartu zitzaigun. Europako ehun milietako hiru lasterketa onenen artean dago, Mont Blancekoaren parean ia. Antolakuntzari eta boluntarioen lanari buruz irakurritako guztiak ere atentzioa eman zigun.
Ibilbidea, roadbook-a, profilak… ikuskatu al dituzu? Zer iruditu zaizu?
Probaren webgunean aritu naiz bai, eta ibilbidea erakargarria iruditu zait, izaera handikoa eta kontuan hartzeko desnibela duena. Roadbook-a irakurrita antolakuntza bikaina dagoela sumatu dut, eta ez daukat zalantzarik esperientzia ederra izango dela.
Eta zer helbururekin zatoz?
Egia esango dizut, lasterketaz gozatu nahi dut. Nire onena ematen saiatuko naiz besteei gehiegi begiratu gabe. Buruz jokatzen saiatuko naiz, kontzentratuta, nire erritmoan joaten, eta sentsazioak onak badira pozik itzuliko naiz etxera.
Ez duzu eskarmentu handirik distantzia hauetako probetan. Orain arte egindakoak nola planteatu izan dituzu?
Ehun milietako hirutan bakarrik hartu dut parte –Javelina Hundred, UTMB eta Kodiak–, eta kontziente naiz asko daukadala ikasteko oraindik. Ehunmilak lasterketa atzetik aurrera egiteko asmoa daukat, lehen zatian zangoak gehiegi behartu gabe.
Datua okerra ez bada, Ehunmiletan parte hartuko duen lehen emakume mexikarra zara.
Beti izaten da polita eta hunkigarria atzerrira irten eta zure herria ordezkatzea, baina ez dut parte-hartze hutsarekin geratu nahi, bukatu egin nahi dut. Lasterketa hau bizi nahi dut, eta bizitako esperientzia Mexikon kontatu, hurrengo edizioetan handik jendea etor dadin. Zentzu horretan enbaxadore sentitzen naiz.
Mexikon ultretarako kulturarik ba al dago?
Azken urteetan hartu du indarra, lehen lasterketa gutxi batzuk zeuden eta betiko eroak elkartzen ginen. Orain ohiko bihurtzen ari da, eta gero eta lasterketa gehiago eta distantzia ezberdinetakoak antolatzen ari dira. Mexikoko paisaian denetarik dago, eta ibilbide ikaragarriak egiteko aukera ematen du.
Eta maila aldetik?
Handia, Tarahumarek erakutsi zuten bere garaian. Kanpora irteteko babesa falta da; ezin diogu garena erakutsi munduari.