Uda betean udazkeneko lanei ekiteko prest
Udaberrikoak bakantzen, udakoak bere onenera iristen, eta baratze lanetan ari direnak udazkenari begira jarri dira.
H au da merkatuek astea joan astea etorri erakusten dutena: denboraz egin behar direla lanak, izan ere, asteetako eta hilabeteetako ikuspegiarekin jokatzea ezinbestekoa da. Eta uneoro ikus daiteke, barazki batzuen bukaera, beste batzuk puntturik onenera iristen, eta hilabetetara izan nahi ditugunekiko azti ibili beharra dagoela.
Esate baterako: ilarra eta baba bere azkenetan dira. Prezioak ez du hain gorabehera nabarmenik izan hasieratik bukaerara; azken hauek 10 euro ilar kiloa (hasieran 12-14) eta baba 3an (5ean lehena). Gero eta tomate eta piper gehiago ikusten bada ere, oraindik negutegikoak nagusi.
Hala ere, aire libreko lehen leka (6 euro kiloa) hasi da, baita Gernika piper gutxi batzuk (10 euro kiloa), kuiatxoak, azenarioak, eta luzokerrak ere bai. Uraza edo letxuga mota asko aukeran: batavia, lolorrosa, maravilla, haitz hosto berdea eta morea. Kukuluak, errukula… entsalada aberatsak osatu daitezke.
Frutaren atalean, San Joan sagar dezente dago, eta baita arana ere, berdea eta gorria. Orain arte bezala segituz, fruta urte ona izango denaren traza hartzen zaio aurtengoari.
Loreen garai gorena pasa da
Loreei dagokionean, gladiolo sorta dotoreak Arantxa Zurutuzaren postuan 5 euroan. Lore saltzaileei dagokionez, pasa da garairik lanpetuena hauentzat. Galdu den loreren bat berriz erostera edo txoko jakinen baterako edota oparitarako beti saltzen da zerbait baina bakanago.
Landaretan aukera aldatu
Landareen atalean, udakoen artean oraindik gelditzen da tomateren bat edo beste. Piperrak aste honetan azkenak. «Sanferminetako astea da muga», Patxi Izagirreren esanetan. Hark adierazi du lekak ere Santiago aurretik erein behar direla. Landarea ere aukeran da.
Udazkenekoen artean berri asko: azalora, aza, romanesku, brokoli, kale aza gorri eta berdiea, bruselaza eta lonbarda, 0,15 landare bakoitza. Borraja, azelga eta erremolatxa 0,10. Eskarola lisoa eta kuxkurra 8 euro zientoa. Momentu honetan gehien saltzen dena urteko porrua da, 3,5 euro zientoa.