Zerbitzuak hobetzeko erronka
Urtez urtez korrikalariei nahiz laguntzaileei begirako zerbitzuak hobetzeko ahalegina egiten du Ehunmilak ultra-trailaren antolakuntzak. Eskumuturrekoak dira berritasuna.
Hiru probetako lasterkariek zein haien laguntzaileek kontuan hartu beharreko hainbat ohar dakartza ondoko artikuluak.
Aparkalekuak
Gipuzkoa plazako aparkalekua korrikalarientzako erreserbatzen da erabat –200 toki–, eta Loinatz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan 15 autokarabanarentzako tokia gordetzen dute. Bi aparkaleku horietan ez dago autoa uzterik izango ostegunetik igandera bitartean. Beasaingo herrigunean dauden beste eremu batzuei eta garajeetako sartu-irtenei ere eragingo die probak. Seinaleei eta boluntarioen esanei aditu behar zaie.
Dortsalak jasotzea
Ehunmilak ultra-traileko eta Goierriko Bi Handietako partaideak bihar, hilak 11, has daitezke dortsalak jasotzen Gernika pasealekuko frontoian (17:00-20:00). Etzi ere bai, baina kasu honetan, EHMkoek goizez bakarrik har ditzakete (10:00-15:00), eta G2H-koek goizez (10:00-13:00) nahiz arratsaldez (18:30-20:30). Marimurumendi maratoiko lasterkariek larunbatean (18:30-20:00) eta igandean (06:30-07:30) hartu ahal izango dituzte.
Partaideen materiala
Dortsala hartzeko unean, EHM eta G2Hko lasterkariek derrigorrean eraman beharreko materialari erreparatuko diote boluntarioek. Ondorengoa da: Nortasun agiria; motxila; litro bat ur; edalontzia edo bidoia; janari erreserba; txaketa iragazgaitza; praka edo elastiko luzeak; kopetako bi linterna; biziraupen manta bat; txapela edo bisera; benda itsasgarria eta sakelako telefonoa. Beste hainbat material eramatea ere gomendatzen dute antolatzaileek.
Eskumuturreko berdeak
Aurtengo berritasunetako bat da Korrikalarien txartelik ez dela izango, eskumuturreko berde bat baizik. Beasaingo kirol azpiegiturak doan erabiltzeko, indarrean dagoen nortasun agiria eta behin betiko izen-ematearen froga agiria aurkeztu behar dute korrikalariek; eta haiek izendatutako laguntzaileek, berriz, azpiegitura horiek erabiltzeagatik %50eko beherapena izan dezaten, identifikazio eskumuturrekoa erakutsi beharko dute.
‘Pasta party’-a
Igartzako jauregian eta haren ondoan jartzen duten karpan izango da Pasta party-a ostiralean, hilak 12, 12:30etik 16:00etara. Arroz entsalada, barazki menestra, makarroiak, jogurta, fruta, ijito besoa, ogia eta edaria eskainiko dute, doan, EHM eta G2H ko parte-hartzaile guztientzat.
Autobus zerbitzua doan
Motordun ibilgailuen erabilera txikitze aldera, antolatzaileek hitzarmen bat dute sinatua Gurutze Gorriarekin. Hainbat linea egongo dira martxan ostiraletik igandera –ikus 9. orrialdea–. Lasterketaren korrikalariek, haien laguntzaileek eta ikusleek dohainik izango dute autobus zerbitzu hori. Beasainen maiztasun handiagoa izango duen herri barruko zerbitzu bat ere egongo da irteera/helmuga eta Antzizar kiroldegia lotzeko.
Lasterketa jarraitzeko
EHM eta G2Hko korrikalariek SMS zerbitzua izango dute kontrol gune bakoitza pasatzean haren jarraitzaileek abisua jaso dezaten. Rockthesport plataformaren webgunean eman behar da izena horretarako. Horrez gain, bi proba horietako partaideek GPS irrati-baliza eramango dute aldean, eta haien posizioaren berri jakin ahal izango da. Asteburu osoan zuzeneko emisioa emango dute helmugako pantailan zein webgunean.