«Goierri taldea nire familia da, betidanik bizi izan dudan zerbait»
Aitor de Miguelek (Zumarraga, 1983) erretiroa hartu du, Goierri taldearekin ehunka partida jokatu eta milaka puntu sartu ondoren. Entrenatzen jarraituko du.
Zure aitak Goierriren lehen taldean jokatu zuen. Ez dago nola zaletu zinen galdetu beharrik…
Argi dago nire aitaren eraginez zaletu nintzela, baina ez dut une oro jokatzera joateko esaten gogoratzen. Haurra nintzenean bera entrenatzailea zen eta bere taldearen partidak ikustera joaten nintzen. Ordurako argi nuen handitan saskibaloian jokatuko nuela. Gauza naturala izan zen. Saskibaloia beti gustatu zait eta aitak ez zuen jokatzera joateko eskatu beharrik.
Zenbat urterekin hasi zinen Goierri taldean?
Garai hartan Goierrik ez zituen gaur egun bezainbeste talde. Hori dela eta, haur mailako lehen urtean kadete mailakoekin jokatzen hasi nintzen. Nik 12 urte bete berri nituen eta beraiek bizpahiru gehiago zituzten.
Zer moduz moldatu zinen zaharragoen artean?
Batzuk dagoeneko bizarra zuten eta ni… Dena den, dezente jokatzen nuen. Base edo eskolta postuan jokatuko nuela suposatzen dut. Edo entrenatzaileak «atera zaitez eta ahal duzuna egin ezazu» esango zidan…
Ordutik, zein postutan jokatu duzu?
Senior mailara pasa arte, base postuan jokatu nuen. Senior mailan eskolta postuan jokatu nuen. Izan ere, betidanik saskiratzeak lortzeko erraztasuna izan dut. Azpeitian base postuan jokatu nuen, baina ondoren eskolta postura itzuli nintzen.
Noiz joan zinen Azpeitira?
2005ean, 21-22 urterekin. Goierrik oso denboraldi ona egin zuen eta igo egin zen. Beraiek, berriz, EBA ligara igo ziren, lehenengoz. Deitu egin zidaten eta joatea erabaki nuen. Aukera ona zen. EBA mailan egun baino maila hobea zegoen, talde gutxiago baitzeuden. Garai hartan EBA mailako jokalari batzuk saskibaloitik bizi ziren.
Zenbat denbora egon zinen Azpeitian?
Urte eta erdi. Bigarren denboraldian entrenatzailea aldatu zuten eta ez nuen ezer jokatzen. Asteburu batean Galiziara joan ginen eta, nire bizitzan lehenengo aldiz, ez nuen segundo bakar bat jokatu. Hala, Goierrira itzultzea erabaki nuen.
Ordutik, beti Goierrin jokatu duzu.
Hala da. Talde batzuen eskaintzak izan nituen, baina Goierrin jarraitzea erabaki nuen. Adinarekin gauzak beste era batera ikusten dituzu. Diru apur bat eskaini zidaten, baina ordurako lana nuen, neskarekin bizi nintzen, Donostiara joan behar nintzen entrenatzera… Hemen gustura nengoen eta gelditu egin nintzen.
Zenbat denboraldi eman dituzu Goierriren lehen taldean?
13 bat denboraldi. 2001ean igo nintzen lehen taldera, baina Azpeitian jokatutako denboraldi eta erdia eta erretiratuta eman nituen lau urteak kendu behar dira.
Lau denboraldi erretiratuta eman eta gero itzultzea marka da.
2013tik 2017ra egon nintzen erretiratuta. Entrenatzera joaten nintzen, baina ez nuen jokatzen. Semea jaio baino apur bat lehenago, taldea jaisteko zorian zegoen eta partida batzuk jokatu nituen. Partida dezente irabazi genituen, baina ez genuen mailari eustea lortu. Bigarren haurra jaio aurretik itzuli nintzen, duela bi denboraldi.
Zergatik itzuli zinen?
Utzi nuenean, ez nuen jokatzeko gogorik. Ezin nuen gehiago. Nekatuta nengoen. Ondo jokatu beharra, errutina… Ez nuen ilusiorik. Entrenatzera gustura joaten nintzen, baina lehiatzeko motibazioa behar duzu eta ez nuen motibaziorik. 2017an, berriz, gogoa berreskuratu nuen. Taldeak lauko finala jokatu zuen, Lehen Mailara igotzeko. Ikustera joan nintzen eta berriro jokatzeko gogoa piztu zitzaidan. Taldeak Lehen Mailan tokia lortu zuen, bigarren haurra aurki jaio behar zen… «Orain edo sekula ez» esan nion nire buruari. Azkenean bi denboraldi jokatu ditut. Izan ere, lehen denboraldian EBA ligara igotzea lortu genuen eta ezin nion berriro EBA ligan jokatzeari uko egin. Etxeko jokalariekin jokatu dugu, gainera. Oso urte polita izan da.
Zure azken denboraldia izan da.
Iaz dagoeneko zalantzak izan nituen, etxean bi haur izanda zaila baita saskibaloian jokatzea. Emazteak nahi nuena egiteko esan zidan. Jokatzea erabakitzen banuen ere, moldatuko ginela. Oso urte polita izan da, baina emazteak eta haurrek beraiekin egotea merezi dute eta uztea erabaki dut. Hemendik aurrera asteburuetan planak egin ahal izango ditugu.
Goierri uzteak pena ematen al dizu?
Pena ematen dit, baina taldearekin entrenatzen jarraitzen dut. Gainera, taldea egoera onean uzten dut. Seguru aski EBA ligan jarraituko dute eta jokalari gehienek jarraitzeko asmoa dute.
Zer da Goierri zuretzat?
Nire familia. Betidanik etxean bizi izan dudan zerbait.
Entrenamenduetara joaten jarraituko duzula esan duzu.
Ahal dudan bitartean, bai. Entrenatzaile lana, berriz, ez dut oso gustuko. Oraingoz, ez dut talde bat entrenatzeko asmorik. Etorkizunean, semea edo alaba Goierrin jokatzen hasten bada, seguru aski lagunduko dut. Oraingoz, distantzia apur bat behar dut.
Entrenamenduetara joatea ere klubari laguntzeko modu bat da.
Hala da. Entrenamenduetan ere hobe izaten da jokalariak soberan edukitzea faltan baino. Batzuetan bederatzi jokalari egoten dira eta hamargarrena behar da partida bat jokatzeko.
Seme-alabek Goierrin jokatzeak ilusioa egingo al lizuke?
Noski! Dagoeneko Goierriren kamiseta dute. Alaba jaio zenean, taldekideek seme-alabentzat kamiseta bana oparitu ziguten, nire abizenarekin eta 5 zenbakiarekin.
Taldekide bat?
Uf… Asko. Oso zaila da galdera horri erantzutea. Kalitate gehiena zuena Jokin Zubeldia zen. Buru hoberena, Jon Lekuonarena. Bestalde, Jon Antzizarrekin beste inorekin baino gehiago jokatu dut. Jarraitzeko asmoa du, gainera.
Entrenatzaile bat?
Nire aitarekin hasi nintzen, baina nire maila hobetu zuena Xabier Chico izan zen. Nahi nuena egiteko askatasuna eman zidan.
Hasi zinenetik zure jokoa asko aldatu dela uste al duzu?
Konturatzen ez zaren arren, aldatu egiten da. Umetan ez nintzen hirukoak botatzera ausartzen. Hori dela eta, barneraketa asko egiten nituen. Adinarekin potentzia galtzen da eta barneraketak egitea gehiago kostatzen da. Hori dela eta, egun hiruko gehiago botatzen ditut.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun partidaren bat?
Azpeitira joan aurretik oso talde erasotzailea genuen, Xabier Chicori halako taldeak gustatzen baitzaizkio. Azken partida Aldirin jokatu genuen. Irabazten zuena igoko zen. Oso partida ona egin genuen eta igo egin ginen. Ordura arteko partida onena jokatu nuen eta xanpain eta guzti ospatu genuen. Saskibaloi munduko oroitzapen politena da.