Beasaindarrek ixiltasun ozenarekin salatu dute bart gaueko bortxaketa
Elkarretaratzea egin dute Bideluze plazan 20:00etan. Tabernek eta Ehunmilek bat egin dute protestarekin.
Jendetza elkartu da gaur 20:00etan Beasaingo Bideluze plazan Erasoen aurrean erantzun kolektiboa. Antolatu zioen pankartaren atzean egindako elkarretaratzean. Ixiltasun ozenean eta sakonean egin dute protesta. Tabernek ere bat egin dute ordu horretan lana eten dute eta Ehunmilak probak antolakuntzak bat egin du elkarretaratzearekin.
Amaieran irakurri duten testuan, “erasotuaren initimitatea eta ongizatea errespetatzeko” eskatu diote beasaindarrei: “Atzo gauean, ordu txikitan, emakume beasaindar bat bortxatua izan zen. Hasteko, Beasaingo herriari errespetuz jokatu eta erasotuaren intimitate eta ongizatea errespetatzeko eskatu nahi diogu, honela gogoraraziz, kondenatu beharrekoa ekintza hau izan behar dela, eta inondik inora biktima”.
Jarraian, “desadostasun eta gaitzespen osoa” adieraz nahi izan diote, “kasu honi eta egunerokotasunean emakumeen aurka egiten diren beste hainbeste eraso, bortxaketa eta erailketari. Izan ere, ondorengoa ez da kasu isolatua izan, emakume langileok behin eta berriro jasan behar izaten dugun eraso sistematikoa baizik”.
Era berean, “ulertzen dugu ez duela ezertarako balio egun bateko salaketa huts batek, gerora honek ez badu geure egunerokotasunean eraginik izaten. Egoera honi buelta eman nahi badiogu, benetan gauzak aldatzea nahi badugu, denon ardura da kolektiboki lan egiten hastea, eta geure bizitzak instituzioei delegatzeari uztea. Ordua da Beasain esnatzeko, eta parrandaz harago, antolatzen hasteko, egoera larria baita”.
Azkenik, erasotuari “maitasun eta elkartasun osoa” azalduz amaitu dute oharra, eta herritarren txalo zaparrada luzearekin amaitu da elkarretatzea.
Bihar, 13:00etan
Bihar, eguerdian, 13:00etan, beste elkarretaratze bat izango da Erauskin plazan, Beasaingo Udala osatzen duten alderdi guztiek deituta. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egingo du biharko protestaldiarekin.