Larunbat goizaldeko bortxaketa salatzeko elkarretaratze jendetsua
Eguerdian kontzentrazio jendetsua egin dute Beasaingo Erauskin plazan larunbat goizaldeko bortxaketa salatzeko. Elkarretaratzea Beasaingo Udalak deitu du eta aldundiak bat egin du. Ehunka herritarrekin batera, Aitor Aldasoro alkateak, zinegotziek, Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako lehendakariak, Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak eta Juan Karlos Izagirre batzarkideak parte hartu dute.
Eguerdian elkarretaratzea egin dute Beasaingo Erauskin plazan, larunbat goizaldeko bortxaketa salatzeko. Elkarretaratzea Beasaingo Udala osatzen duten alderdi guztiek deitu dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du.
Aitor Aldasoro alkateak, Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako lehendakariak, Miren Elgarresta aldundiko Berdintasun zuzendariak, Juan Karlos Izagirre batzarkideak, zinegotziek eta ehunka herritarrek parte hartu dute.
Amaieran Aldasorok helburu nagusia biktimari eta bere familiari babesa azaltzea izan dela esan du. “Herriak gertaera hau salatzen duela jakitea nahi dugu. Gertaera hauei ezin diegu bizkarra eman. Familiari babesa ematen ari gara eta behar duten guztirako hor egongo gara”.
Elgarrestak erantzun publikoak beharrezkoak direla esan du. “2017an protokoloa onartu zen. Biktimaren esku baliabideak jartzeaz gain, sentsibilizazioa landu behar da. Beasaingo Udalak eta beasaindarrek primeran erantzun dute”.