Eguerdian kontzentrazio jendetsua egin dute Beasaingo Erauskin plazan larunbat goizaldeko bortxaketa salatzeko. Elkarretaratzea Beasaingo Udalak deitu du eta aldundiak bat egin du. Ehunka herritarrekin batera, Aitor Aldasoro alkateak, zinegotziek, Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako lehendakariak, Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak eta Juan Karlos Izagirre batzarkideak parte hartu dute.
Iritsi dira helmugara Marimurumendi mendi maratoiko lehen emakumezkoak. Oihane Perez gernikarra izan da garailea eta bigarrena, Ordiziako Oihana Arratibel. Podiuma Maialen Gurrutxagak osatu du.
Goizeko 08:00etan Beasaingo plazatik Marimurumendi mendi maratoia egiteko atera diren 265 korrikalarien artean, Samuel Davila venezolarra iritsi da lehenengo postuan plazan bertan jarrita dagoen helmugara. Lehen goierritarra David Martin lazkaotarra izan da.
Aurtengo Ehunmilak proben errekor festa borobiltzeko, Ewa Majer poloniarrak ere ezarri du berea lasterketa handiaren palmaresean, irabazteaz gain, 19 minutuz ondu duelako aurreko denbora. Elena Calvillo beasaindarra bigarrena izan da, eta Jaione Sasieta itsasoarra hirugarrena.