Geltokietako auzokideak, mahaiaren bueltan
Geltokietako festak jendetsuak izan dira. 300 lagun elkartu ziren larunbatean bazkaltzeko, eta kontzertuekin plazak bete egin dira.
Urretxu eta Zumarragako Geltokietako auzoa handia izan arren, txoko guztietatik nabaritzen zen paella usaina pasa den larunbatean. Ez da harritzekoa, festa batzordeko kideek auzotar guztientzako paella egin baitzuten: 30 kilo arroz, 25 kilo barrengorri, 22 kilo piper eta 13 kilo otarrainxka erabili zituzten, besteak beste. Denera, 300 lagun inguru elkartu ziren Domingo Mendiaratz plazan, eta jasotako iritzien arabera, paella ona irten zen.
Arroza 14:00etarako prest egon zedin, 9:30etan hasi ziren prestaketa lanetan. Halere, batzordeko kideek bezperatik barazkiak txikituta eta tomate saltsa eginda ekarri zituzten, denboraz larri ez ibiltzeko. Pentsatu eta egin. Puntu-puntuan hasi ziren paella banatzen, zain zegoen jendea urduritzen hasi aurretik.
Olinpiadetan parte hartu zuten gazteak, eguneko bigarren protagonistak, lasaiago ibili ziren. Gustura zebiltzan jolasean, eta ez zuten gelditzeko asmorik. Indarrak ahitzean gerturatu ziren paella jatera. Platerak goraino bete, eta arratsaldeari ekiteko prestatu ziren.
Olinpiadetan parte hartu zuten gazteek korrika, busti, zikindu… egin behar izan zuten, baina beti festa giroan. Iazko etenaren ostean, olinpiadetan le- hiatzeko gogotsu zegoen jendea, eta izen-emate toki guztiak bete egin ziren.
Musikak, etenik ez
Adin eta gustu ezberdinetako jendearengana heltzeko asmoz, Geltokietako jai batzordeak musika eskaintza zabala prestatu zuen aurtengorako. Esaterako, urteak ziren ostiral iluntzean kontzerturik ez zela egiten, baina berreskuratu egin dute.
Errimak izan ziren ostiraleko jaun eta jabe. Agresion Verbal eta Rush Blacka hip hop taldeak aritu ziren Txindokiko plazako oholtza gainean. Azken urteetan indar handia hartu du rapak Urretxun eta Zumarragan, eta jende ugari elkartu zen; bertso-afaria ere goitik joan zen, maila bikainean ibili baitziren Amaia Iturrioz, Onintza Enbeita eta Iker Zubeldia.
Larunbateko Chango mUnsk talde eskoziarraren, Hesianen eta Iratzar Erromeriaren kontzertuekin txiki gelditu zen Txindokiko plaza. Joseto ta Alayak eta Matraka elektrotxarangek eta Alaitasuna errondallak ere ikusleak kantuan jarri zituzten.
Gaupaseroen trena izan da aurtengo beste berritasun bat. Geltokiko tematikarekin lotuta, tren erraldoi bat osatu zuten gaupaseroek elkarrekin gosaltzera joateko. Tren emaigabeak ongi irudikatu zuen auzoaren izaera, elkarrekin bizitasuna ematen baitiote auzoari.