Goierriko 11 bertsolari lehiatuko dira Gipuzkoako Txapelketan
Final-zortzirenetako bi saio jokatuko dira Goierrin: irailaren 21ean Ordizian eta 28an Zumarragan. Oñatin hasiko da txapelketa irailaren 14an, eta Donostian bukatu da abenduaren 14an.
Hiru hilabeteko epean, irailaren 14tik abenduaren 14ra, jokatuko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Hamasei saio jokatuko dira (7 final-zortziren, 5 final-laurden, 3 finalaurreko eta finala) eta 48 bertsolarik hartuko dute parte.
Goierrik bertsolari ordezkaritza zabala izango du txapelketan, 11 guztira, eta bi saio ere hartuko ditu, biak final-zortzirenak: irailaren 21ean Ordiziako Herri Antzokian eta irailaren 28an Zumarragako Zelai-Ariztin. Gai-jartzaile eta epaile eta idazkari taldean ere dezente dira lanean ariko diren goierritarrak.
Sarrerak irailaren 2tik aurrera
Saio guztietako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Saioen egunetan ere jarriko dira salgai, aretoan bertan. Txarteldegietan, finaleko sarrerak ere izango dira. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 6-16 urte artekoek prezio berezia izango dute. Elkarteko bazkideek bonua erosteko aukera ere izango dute. Bonuak finalera ez beste saio guztietara joateko aukera emango du.
Goierriko 11 bertsolariak eta bertsotokiak
Maiatzean jokatu zen sailkapen kantuan aritu ziren 84 bertsolarietatik 34k eskuratu zuten txapelketarako txartela, horietatik 10 goierritarrak. Horiek guztiak final-zortzirenetan hasiko dira lehian. Iñaki Apalategi beasaindarra da final-laurdenetan hasiko den bakarra, orain lau urtekoan finalean kantatu baitzuen.
- Aratz Igartzabal (Gabiria). Oñatin, irailaren 14an
- Amaia Iturriotz (Urretxu). Oñatin, irailaren 14an
- Iban Urdangarin (Ataun). Amasa-Villabonan, irailaren 15ean
- Odei Lopez (Legorreta). Amasa-Villabonan, irailaren 15ean
- Maialen Akizu (Urretxu). Amasa-Villabonan, irailaren 15ean
- Gorka Maiz (Gabiria). Zumaian, irailaren 22an
- Nerea Elustondo (Legazpi). Zumarragan, irailaren 28an
- Mikel Tapia (Ataun). Zumarragan, irailaren 28an
- Endika Igartzabal (Gabiria). Elgoibarren, irailaren 29an
- Eneko Araiztegi (Segura). Lasarte-Orian, urriaren 5ean
- Iñaki Apalategi (Beasain). Andoainen, urriaren 19an
Sintonia eta irudia
2019an, 100 urte betetzen dira Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zela. Hori dela-eta, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak keinu txiki bat egin nahi izan die Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrei eta sintonia eta irudia sortzeko abiapuntu gisa hartu du urteurrena.
2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sintonia Don Inorrez musika taldeak egin du. Sintonia, irailaren 7an, Asteasun, parte hartzaileekin egingo den aurkezpen festan aurkeztuko da, txapelketako aldizkariarekin batera.