Zeraindik Ormaiztegira bidean dira Euskarabenturako gazteak
Zeraindarrek herri afaria prestatu diete abenturazale gazteei. Ormaiztegin Zumalakarregi museoa ikusi eta Tolosara joango dira trenez.
Mauletik (Zuberoa) Getxora (Bizkaia) bitartean egiten ari den II. Euskarabenturako gazteek Zerainen pasatu dute gaua. Iaz egin zuten bezala, atzo, Araiatik Zerain arteko etapa –orain arteko luzeena– egin zuten oinez San Adriandik barrena. Zeraindarrek ongi etorria eta afaria prest zituzten gazteentzat. Ane Insausti komunikazio arduradun lazkaotarraren esanetan, lehenengo aldiz mahai eta aulkietan eserita afaldu zuten, besteak beste, Lumagorri oilaskoa. Musika eta dantza giroan amaitu zuten eguna.
Gaua Zeraingo pilotalekuan pasa ondoren, goizean goiz, 08:00etan Ormaiztegira bidean abiatu dira Euskal Herriko toki desberdinetako 120 gazteak. Aizpeako meatze gunea bisitatu eta Ormaiztegin Zumalakarregi Museoa bisitatuko dute. Bazkaldu eta Tolosara joango dira trenez.
II. Euskarabentura
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitartean 31 etapa osatuko dituzte; guztira 783 kilometro. Horietatik 483 oinez egingo dituzte.