Udako beherapen azoka, bihar Erauskin plazan
Bareak Merkatari Elkarteak antolatuta, 13 saltokik kalera aterako dituzte produktuak, udako beherapen azokan.
Beasaingo Bareak Merkatari Elkarteak udako produktuen beherapen azoka egingo du bihar. Bi berrikuntza izango ditu gainera aurtengo azokak. Batetik, kokaleku berria izango du: lehenengo aldiz, Erauskin plazan egingo baitute. Kokalekuaz gain, aurten beste berrikuntza bat ere izango da ordutegiari dagokionean: ordutegi jarraia egingo dute, 10:00etatik 20:00etara.
Erauskin plazan 13 dendak jarriko dute postua: Argi Optika, Arteka, Dendu, Ipotx, Kilimak, Kux-Kux, Pergola, Xalo, Mujika txirrinduak, Natxo belar denda, Truk, Otea eta Udaberri dendek. Bestalde, elkarteko beste 25 dendek dendaren aurrealdean jarriko dituzte eskaintzak: Alzuaran, Amets, Andreak, Anitz, Aranburu Oinetakoak, Arku, Arnedoko Txokoa, Bereziartu, Cortes, Foto Alzuri, Fotoetxe, Hazia Loradenda, Itoiz, J. M. Imaz Optika, Jauregi Optika, Mirari Mertzeria, Migdala, Oskarbi, Orki, Pergola, Phuket, Rainbow, Vicuña Sport, Xalo eta YS Harriak.
Bi ipuin kontaketa saio
Udako beherapen azoka girotzeko ekintzen artean, Apaxi kontalariaren bi ipuin kontaketa saio antolatu ditu Bareak elkarteak. Erauskin plazan bertan izango dira: goizean izango da lehenengoa, 11:30etik 12:30era eta arratsaldean bigarrena, 18:00etatik 19:00etara.