Jon Maiaren eta Gorka Hermosaren Hezurbeltzak taldea, bihar Igartzan
XX. mendean Espainiatik lanera etorritakoak omendu nahi dituzte, etorkin haien bilobak diren bertsolariak eta akordeoi jotzaileak. Plaza azpian, Big Bob Railroad-ek joko du
Herriko hainbat elkarterekin elkarlanean aritzea da Igartza Musikaren helburuetako bat eta oraingo honetan, Arrano elkartearekin batera, Hezurbeltzak taldearen kontzertua antolatu dute biharko, 22:00etan, Igartzako jauregian. Ohi bezala, dohainik da. Bi urretxuar dira Hezurbeltzak proiektuaren sortzaileak, Jesus Prieto Pitti gitarra jotzailea lagun dutela: XX. mendean Espainiatik Euskal Herrira lanera etorritakoen bilobak diren Jon Maia bertsolaria eta Gorka Hermosa akordeoi jotzailea; euskal abizenik ez duten bi euskaldun artisten taldea da, alegia.
Espainiatik etorritako haiei deitzeko goitizen ugari erabiltzen ziren: maketoak, belarrimotzak, koreanoak, hezurbeltzak… Azken hori erabili dute etorkin haiek omentzeko sortutako taldeak. Lehenengo kontzertua, Jon Maiaren abuela bizi izan zen Zumarragako Etxeberri auzoan jo zuten, iazko urrian.
Euskaratik eta umoretik, garai hartako historiari «buelta ematea» nahi izan dute: «Haien bilobak euskaldunak gara, euskaraz kantatzen dugu eta indarrarekin gatoz. Euskal sortzaileak gara eta lotsarik gabe gatoz. Ondo pasatzera, gainera».
Kantua eta musika
Gorka Hermosaren akordeoi eta Pittiren gitarra soinuak lagunduta, Jon Maiak berak idatzitako kantuak abestuko dituzte gaur Igartzako jauregian. «Besteak beste emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dira, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz,eta atrezzo eta giro bakan baten baitan aurkeztuak. Eszenatokietan ohikoa ez den eskaintza berezia da Hezurbeltzak taldeak dakarrena».