Beasaingo Estanda Fundizioak beste zortzi langile kaleratu ditu
Arrazoi «objetiboak» argudiatu ditu 2015ean enpresa erosi zuen Diana Capitalek. 2016tik hona 23 langile kanporatu dituzte. Sindikatuen babesik ez dutela izan diote
Ekainaren 27an Beasaingo Estanda Fundizioak enpresako buruek beste zortzi langileri eman zien kaleratze eskutitza, 2016an hamabi langile kaleratzeko erabilitako sistema berarekin: langileek ekainaren 24an jakin zuten 72 ordura euretako zortzi langile kaleratuak izango zirela. Ekainaren 27an, 10:00etan, inork jaso nahi ez zuen telefono deia jaso zuten 18 urtetik gora bertan lanean aritu diren Estandako bulegoko zortzi langilek. «Sindikatuei jakinarazi zien eta guk ekainaren 24an, pasilloetan jakin genuen, kaleratzeak egongo zirela». Azkeneko kaleratzeak kontuan hartuta, 2016tik 2019ra 23 langile kaleratu dituztela jakinarazi dute.
Kaleratutako langileen esanetan, ekainaren 27an deia jasotakoak «areto batera jaitsi eta abokatu bat, giza baliabideetakoekin, zuzendari nagusia eta ba- koitzaren saileko zuzendaria zeuden. Kaleratze eskutitza eman ziguten. Hor jartzen du arrazoi objetiboengatik kaleratu gaituztela; enpresa ekonomikoki ez doalako ondo, alegia».
Arrazoi «objetiboak»
Hala ere, kaleratutakoek jakin badakite enpresaren egoera ez dela txarra: «Diana Capitalek 2015ean hartu zuen Estanda. Datuak publikoak direla esaten digute eta abokatuekin begira aritu gara eta esan digute hainbat urtetan dirua dibidendoetan banatu dutela. Nahiz eta 2016an 12 langile kaleratu, dibidendoak banatu zituzten eta sei hilabetera, postu horietarako langile berriak hartu zituzten. Ez dira postuak desagertzen: beste pertsona batzuk hartzen dituzte, eta suposatzen da, soldata txikiagoa kobratuko dutela. Azken batean, gastu finkoak murriztu nahi dituzte».
Orain 40 langile inguru gelditu dira bulegoetan, eta hainbat zerbitzu azpikontratatzeko asmoa dutela uste dute kaleratutako langileek. Gainera, «duela hiru urte esan ziguten egoera ‘berezia’ zela. Orduan ere egoera ez zen hain txarra eta orain egoera hain txarra bada, bankuek ez liekete dirurik emango, eta ematen ari dira. Obrak ere egiten ari dira».
Kalte ordain txikiagoa
Azkeneko langile kaleratuen kasuan, «kalte ordaina 2016koena baino txikiagoa» izan dela nabarmendu dute: «Kaleratzea arrazoi objetiboengatik izanda, kalte ordain erdia jasotzen da. Oso merkea atera zaie kaleratzeak. Nahi dutena egiteko libre daukate».
Sindikatuak
2016ko kaleratzeen kasuan grebak eta Estanda aurrean elkarretaratzeak egin bazituzten ere, oraingoan ez da horrelakorik izan: «Kaleratzeen artean ELAko bat zegoelako egin ziren grebak eta elkarretaratzeak 2016an. Orain ez dago inor inongo sindikatutan afiliatuta. Oraingoan guri tokatu zaigu, baina edozeini gertatu dakioke».
«Langileon antolakuntza eta borroka» defendatu ditu LABek
LAB sindikatuaren esanetan, Diana Capilatek 2015ean Estanda Fundizioa enpresa erosi zuenetik, «langileon aurkako beste eraso larri bat burutu da. Modu honetan, erakusten digu badela gure lanpostu eta eskubideen prekarizazioaren kontura poltsikoak bete nahi dituenik». Era horretan, «hiru urtean 20 langiletik gora kaleratzeaz gain, asko dira Estandan lan baldintzen prekarizaziorantza eman diren pausoak. Neurriz kanpoko orduen erabilgarritasun poltsa, zeinaren bidez langile bakoitzak 176 ordutan izan dezakeen jardunaldia moldatua urtean, edo kontsolidatu gabeko soldata igoerak adibide».
Hitzarmen berriaren negoziaketan zuzendaritzak «mahaigaineratu dituen proposamen atzerakoiak eta erakutsi duen negoziatzeko borondate falta kezkagarria ere zentzu berdinean ulertzen» du sindikatu abertzaleak. Hori dela, ez dituzte «erosten kaleratzeak justifikatzeko langileoi saldu nahi izan dizkiguten argudioak. Estandaren arazoa ez gara bertako langileak eta gure lan baldintzak. Are gehiago, ‘beharrezkoak’ omen diren neurri hauek erakusten digute gure etorkizunarekin jolasten ari direla».
Egoera horren aurrean, LABeko kideek «argi» dute: «Egoeraren larritasunak eta kaleratutako langileek enpresa-batzordeak tinkotasunez proposatutako erantzuna, eta langileak antolatzeko planteamendua eskatzen du». Horren harira, ELAko kideak «zentzu horretan» ez dituztela «lanean ikusi» nabarmendu du LABek: «Lehen oztopoa behar ez den tokian topatu dugu, euren jarrera otzanak enpresa-batzordeak bultzatu beharreko tamainako erantzuna antolatzea ekidin baitu». Izan ere, LABen ustez, «erasoen neurria ikusirik, lan eta bizi duin baten alde gure eskubideak defendatu eta berriak irabazteko borrokatzea tokatzen zaigu Estandan».