Arantzazu eta San Jose auzoetan sare elektrikoak berritzeko lanak hasi dituzte
San Inazio auzoko 'Errioxar upelategian' ekin diete auzoetako sare elektrikoa lurperatzeko lanei. Ur sarea ere lurperatuko dute. Murutik San Inazioko aldapako bidegurutzeraino iritsiko dira
Legazpiko San Jose eta Arantzazu auzoetako sare elektrikoa berritzeko eta lurperatzeko lanak hasi dira. San Inazio auzoa ere ukitzen dute lan horiek. Sare elektrikoa lurperatzeaz gain, lanak ur sareak lurperatzeko baliatuko dituzte. Luze joko dute lanek bidenabar, beste hainbat berrikuntza eta konponketa egingo dituztelako. Bost hilabetean amaituta egongo direla aurreikusi dute.
Sare elektrikoa berrituko dute eta, bide batez, lurperatu egingo dute Legazpiko bi auzoetan. Lanak Errioxar upelategia izenez ezagutzen den gunean hasi dira. Izan ere, auzo bietako sare elektrikoa goiko kaletik dator. Horrenbestez, San Inazio auzoan hasi dira lanak eta Murutik jarraituta, auzo hartako aldapako bidegurutzeraino jaitsiko dira. Zenbait egunetan lan horiek eta bertako espaloia zabaltzeko lanek bat egingo dutela ohartarazi du udalak; nolanahi ere, espaloia zabalago egiteko lanak aurki bukatuko dituzte.
Lurperatze eta berritze lanak amaitzen dituztenean, egindako zuloak itxiko dituzte eta bideak asfaltatuko dituzte. Horrez gain, Arantzazuko haurreskola eta autobus geralekuaren parean oinezkoentzako goratutako zebra-bideak jarriko dituzte. Lanen aurrekontua 299.243, 56 eurokoa da eta Lurkide enpresa dago lanak egiten.