Arau aldaketa «inprobisatua» kritikatu dio Zaldibiako EAJk udalari
Zaldibiako Udalak astearteko osoko bilkuran Aztiriaga etxea berritzeko Hirigintza Arauen aldaketa onartu zuen. Erabaki hori kritikatu du EAJk, eta ezezkoa eman dio bozketan. Alderdi jeltzalearen ustez, «inprobisazioz» jardun du udalak: «Hirigintza Arauen Plangintza Orokorra, zerbait baldin bada, hori gainditu eta ikuspegi orokor batetik lan egiteko tresna dugu».
Arauak berriki onartu direla, eta «segituan» aldaketa bat egiteak «harritu» du. Aldaketa aztertzeko denbora gutxi izan dutela ere kritikatu dute EAJren zinegotziek, ohar berean.
Arau aldaketan Aztiriaga etxea berritzeko eta zenbait birmoldaketa egiteko bidea ireki du; «dimentsio handiko aldaketa», EAJren iritziz: «Etxe hori eremu tradizionaletik kanpora ateratzen da, aurreko fatxada izan ezik, eta ganbarako solairua eransten zaio, 243,60 metro koadro gehiago emanez eraikitzeko», azaldu du EAJk.
Eremu tradizional guztira
Etxe hutsak berritzeko aukera «zabaldu» egin nahi du EAJk Zaldibian, «herria txukundu eta bizi berri bat emateko herriguneko hainbat eremuri». Horretarako, eremu tradizional deritzon guztia berrikustea proposatu du, «eta, egitekotan, eremu tradizionaleko Arau aldaketa egitea».
Aztiriagarako jarri diren baldintza berak, eremu osorako jartzea aztertzeko eskatu dio Zaldibiako udal gobernuari.