Beasaingo Udaleko batzordeak eratu eta karguak izendatu dituzte
EAJko Ainara Aiestaranek zinegotzi kargua hartu du. Alkatearen eta lehen alkate ordearen soldatarekin desadostasuna agertu dute EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondoren, udal talde berria hasi da lehenengo erabakiak hartzen. Pasa den osteguneko osoko bilkuran lehenengo eta behin, ekainaren 15eko udal osaketan izan ez zen Ainara Aiestaranek (EAJ) zinegotzi kargua hartu zuen. Ondoren, osoko bilkurak, hilean behin, azkeneko ostegunetan 19:00etan egingo zirela erabaki zuten aho batez, EAJren (8), EH Bilduren (5) eta PSE-EEren (2) botoekin.
Udal antolaketaren puntuan, aurreko agintaldian jarritako sistemarekin jarraitzea onartu zuten EAJren aldeko 8 botoekin: Antolakuntza, Herritarrak eta Lurralddea batzordeak, alegia. Irekiak izango dira. Aurkako 7 boto jaso zituen alkatearen proposamenak. Udalak zehaztu duenez, «batzorde informatiboetako ordezkaritzak proportzionaltasuna gorde behar duenez udal taldeek plenoan duten ordezkaritzarekiko, batzordeak osatuko dira udal talde guztiek parte hartzeko moduan: EAJk 4, EH Bilduk 2 eta PSE-EEk 2».
Erakunde kolegiatuetarako udal ordezkariak ere izendatu zituzten: Tolosako eskualdeko abere hiltegiko ordezkariak Elena Ruiz eta Amets Arrospide izango dira, Sasieta Mankomunitatekoak Leire Artola eta Edorta Diaz, Goierriko Nekazaritza Elkartekoa eta Ur Partzuergokoa Edorta Diaz, Haurreskola Partzuergokoa Malu Valles, Goierri Beheko Industrialdekoa Adur Ugartemendia, eta Goierriko Herrien Ekintza Fundaziokoa, Ikaslanekoa eta Goierriko Goi Mailako Eskolakoa Aitor Aldasoro. EAJren eta PSE-EEren 10 boto jaso zituen; EH Bildu abstenitu egin zen.
Aitor Aldasoro alkatearen eta Leire Artola lehenengo alkate ordearen ordainsariak eta dedikazioak zehaztu ziren hurrengo puntuan. Aldasoro eta Artola dedikazio osoz ariko dira, eta 10.001 eta 20.000 biztanle bitartean dituzten udalerrientzako Eusko Jaurlaritzako Zuzendariak finkatutako ordainsaria izatea onetsi zuten EAJko zinegotziek. Alkateak 71.200 euroko soldata gordina izango du eta lehenengo alkate ordeak 60.520 eurokoa. Bestalde, talde politikoei dagozkien asignazioak eta organo kolegiatuetako bileretara joategatik ordaindu beharrekoak ere zehaztu zituzten. Kasu honetan, EAJren eta PSE-EEren aldeko 10 botoekin. Behin-behineko langileen kopurua, ezauga- rriak eta ordainsariak ere onartu zituzten gehiengo soilarekin: EAJren aldeko 8 botorekin, PSE-EEren kontrako bi botorekin eta EH Bilduren 5 abstentziorekin.
Alkatearen ebazpenen atalean, gobernu batzordearen eraketa zehaztu zen. Alkatearekin batera, Leire Artolak, Malu Vallesek, Nerea Manzisidorrek eta Eva Alvarezek osatuko dute.
EH Bildu eta PSE-EEren kontrako botoak
EH Bilduk gai gehienetan agertu zuen desadostasuna. Osoko bilkuren maiztasunari dagokionean, «herritarrei puntu guztietan parte hartzeko aukera ematea» proposatu zuen: «Legez ez dela posible erantzun zitzaigun eta aurrera». Bestalde, hiru batzorde txostegingileren ordez, laugarren batzorde bat sortzea proposatu zuen EH Bilduk: gizarte politiken batzordea, «gure ustez aparteko lanketa egiteko nahiko pisu badutelako. Udalaren erantzuna ezezkoa da». Erakunde kolegiatuetarako ordezkarien kasuan, «ordezkari guztiak EAJkoak izateak ez dutela gure uda- laren aniztasuna ordezkatzen» uste du EH Bilduk. Horregatik abstenitu egin zen.
Alkatearen eta lehen alkateordearen soldaten eta dedikazioaren puntuan ere kontra bozkatu zuen EH Bilduk: «Beasainek 14.000 biztanle inguru izanda, EH Bilduri ez zaio inondik inora proportzionala iruditzen Eudelek markatzen duen topea kobratzea. Eta berdin alkateordearen kasuan». Bestalde, Leire Artola lehen alkateordea Batzar Nagusietako kide ere izango denez, galdera egin zuten EH Bildukoek: «Nola egiten da hau Beasainen %100eko dedikazioa badu?». Zinegotzien eta talde politikoei ematen zaikizkien ordainsarien gaian ere aurka bozkatu zuen EH Bilduk. Osoko bilkuraren ondoren, EH Bilduren esanetan, «gehiengoan daude bai, baina ez dute proposamen bakar bat ere atera aho batez. Landu diren gaiak ikusita, kudeaketarako bi eredu kontrajarriren aurrean gaudela ezin ukatu».
PSE-EEkoek hiru puntutan bozkatu zuten aurka. Batetik, Batzorde Txostengileen antolaketa, hiruren ordez, sei sailetan banatzea prosatu zuten sozialistek: «Hiru sailetako antolakuntzaren kontra egon gara beti. Lehen osoko bilkuran inposatutako antolakuntza da eta propo- satzen den antolakuntzarekin, ez dago batzordeetan eztabaida egiteko aukerarik, gaiak mamitutak aurkezten zaizkigu. Ez dira gai guztiak berdin lantzen, eta ez dago gardentasunik». Ordainsarien atalean ere kontra bozkatu zuen, «ez duelako proportzionaltasunik. Beste herriekin konparatuz gehiegizkoa da». Behin-behineko langileen kontratazioan ere aurka bozkatu zuten, «uste baitugu ez dagoela postu horren beharrik».
Bi herritar aurka
Amaieran, bi herritarrek alkatearen soldataren aurka hitz egin zuten, «gehiegizkoa» delakoan.