Etxean hasi eta amaituko du liga Ampo Ordiziak
Bi jokalari berri ekarri ditu Ampok datorren denboraldirako. Promesa mailan jokatzeko 12 errugbilari gazte igoko dira maila gorenera.
Ampo Ordiziak datorren irailaren 15ean hasiko du denboraldia, Altamira zelaian Rugby Aparejos taldearen aurka. Heineken ligaren amaiera datorren maiatzaren 10ean izango da. Liga amaiera ere etxean jokatuko dute, UE Santboianaren aurka. Kopako sailkapenerako Alcobendas eta Independ RC izango dituzte multzoan, final erdietara igarotzeko. Hernani rugbyren aurkako derbiak irailaren 29an eta urtarrilaren 26an jokatuko dituzte.
Jarraipenak
Denboraldi berrirako klubak Joubert Engelbrechtekin, Kawa Leaumarekin eta Valentin Cruzekin kontratuak berritu dituela jakinarazi du. Cruz, Ohorezko Mailako puntu egile nagusia izan da azken bi denboraldietan, horregatik taldean jarraitzea nahi izan du klubak. Horiez gain, Marotiasek bere aginduetara izango ditu Fernando Lopez, Sio Moala, Juanma Lescano erdi melea, eta Julen Goia kapitaina.
Bestalde, Asier Pazosek jokatzeari utziko dio. Aurrelari nafarrak buruko urdina gorde egin du jardunaldi osoz taldearen prestaketaz arduratzeko.
Jokalari berria
Anthony Matoto izan da 2019-2020 denboraldirako lehen fitxaketa, baina ez da bakarra. Lander Gomez ere Goierriko taldean arituko da datorren denboraldian. Lander Universitario Bilbaon sortutako jokalari gaztea da, Estatuko selekzioaren azpiko kategorietan sarri jokatu duena. Bilbotarrak Gernikan jokatu zuen aurreko denboraldian eta aurten taldez aldatzea erabaki du, Ordiziaren “back three”-a indartzeko. Klubak ez du oraindik aterik itxi eta lanean darrai datorren denboraldian ere AMPO Ordizia Heineken ligako maila gorenean lehiatzeko.
Goia eta Alberdi bekadunak
Klubak berrikuntza inportantea izango du aurten. Etxeko bi jokalarik mezenasgo proiektuan parte hartuko dute bi babesleei esker. Oier Goiak eta Ander Alberdik beka jasoko dute maila gorenean entrenatzen eta jokatzen laguntzeko.
12 gazte seniorrekin
12 dira aurten senior taldera igoko diren gazteak. Haien jomuga sortu berri den ‘Promesen Liga’ izango da, baina batzuk ate joka arituko zaizkio Iñigo Marotiasi, minutu eske.