Festetako suziria ere, feria giroan
Fruta berriak iristen dira astea joan astea etorri; lehortea eta beroa aipagai nagusi izan dira festa aurreko orduetan ferian.
A tzo plazara iritsi orduko nabarmena zen Ordizia prest zela festak ospatzeko. Xingolez eta ikurrinez apaindua Plaza Nagusia, eta ohiko bezeroak goiztiar. Hala ere, jakina zenez 12.00etan txupinazoak hasiera emango ziela jaiei, bezeroak bakantzen hasi ziren normalean baino lehenago eta 11:00etatik aurrera erosle batzuk bai, baina ez ordu horretan ohikoa den mugimendurik.
Produktu eskaerari erreparatuz, arrautza azpimarratu ziguten, eskaera handia izan omen zen goizean goizetik<, festetako menuetan pentsatuz nonbait.
Klaudia arana eta pikua
Itsasokoak izan dira lehenengo klaudia aranak eta piku berdeak, Maria Jesus Oriak ekarriak. Beti bezala goiz hasi «06:00etarako ia betiko bezeroentzat prest izaten naiz ni» eta pikuak (kiloa 2 euroan) behintzat laster saldu zituen. Klaudia arana, berriz, estimatuena izan ohi dena, aurten lehorraren eraginez txikia gelditu dela esan zigun (kiloa 2,5 euroan).
Horietxek izan ziren atzoko nobedadeak. Gainerakoan, piperra nabarmen ugaritzen ari da, baita aire librekoa ere, leka bezalaxe. Behin hasi eta hain esker onekoak diren luzokerra eta kuiatxoa ere bai, izan ere gautik goizera ere nabarmen handitzen baitira, sasoi betean. Aldiz, aire libreko tomatea hasi denik ezin esan oraindik, bat edo beste bai, baina ez momenturik gorenean.
Mikologia atala onddo gutxi batzuez (20 kilo pasatxo, 22€/k) eta zizahoriz (80kilo, 20-22€/k) osatu zuten.
Abuztuari begira
Abuztuko martxaren berri eman digute saltzaileek. Iraileko lehen ostiralera arte, ostiraletan ez da feriarik izango, ez Uzin ezta Zurutuza ere ez direlako etorriko. Asteazkenetan, berriz, Maite Iturbe okinak ere etortzeari utziko dio irailera arte. Gainerakoek txandan-txandan asteren bat edo beste jai hartuko dutenaren kontua eman dute. Bestalde, hilaren 31 jai denez, uztaileko azken feria datorren asteartean 30ean izango da.
Eta gu ere, gaurko honekin abuztuaren azken astera arte idatzizkoari dagokionez agurtu egingo gara. Hala ere ,herriz herriko feriek, merkatuek eta azokek jarraituko dute elkarren topaleku izaten.