Giro ederra Ordiziako Klasikoaren irteeran
Txirrindu zaleek eta parranda zaleek bat egin dute, beste behin, Ordiziako Klasikoaren irteeran. Garikoitz Bravo eta Alex Aranburu goierritarrei ere harrera beroa egin diete.
Hemeretzi taldek eta 120 txirrindularik ekin diote gaur Ordiziako 96. Txirrindularitza Klasikoari. Goizeko bederatzietan hasi dira aurreneko txirrindulariak Barandiaran plazako kontrol gunera iristen, eta ohi bezala, giro ederra izan da bertan, txirrindu zaleek eta parranda zaleek bat egin baitute. Garikoitz Bravo eta Alex Aranburu goierritarrei ere harrera beroa egin diete.
Irteera puntuan, aurten zendu den Juanjo Garaialde gogoratu dute, minutuko isilunearekin. Amets Bideko dantzarien agurraren ondoren, eta behin agintari eta antolatzaileek zinta moztuta, hamar jotzeko zirela abiatu da lasterketa Gudarien Etorbidetik. Aurretik 165 kilometroko ibilbidea dute. Hiru aldiz igoko dute Abaltzisketako gaina, eta beste bitan Altzokoa. Aurreneko txirrindulariak 14:00ak alderako espero dituzte Ordiziako helmugan.