Jarraitu Ordiziako Txirrindularitza Klasikoa zuzenean
Faborito argirik gabe jokatuko da gaur Ordiziako 96. Klasikoa, ohiko ibilbidean. GOIERRIKO HITZAren webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa. Migel Mari Lasa txirrindulari oiartzuarra omenduko dute.
https://youtu.be/niGlCarLLxs
Flandesko Tourraren ondoren egun bakarreko munduko bigarren probarik zaharrena gaur jokatuko da: Ordiziako 96. Klasikoa. UCI Europa Tourreko proba da, ondorengoen maila berean: Fleche Brabanconne, Paris Camenbert, Toscanako Giroa, eta Marco Pantani eta Fausto Coppi memorialak, besteak beste. 36ko gerraren ondorioz, 1936 eta 1937 urteetan ez zen jokatu, eta 1938. urtetik etenik gabe antolatu dute Txapel-Gorri elkartekoek. Aurtengoa segidako 82.a izango da.
Ibilbide aldetik ez da aparteko aldaketarik izango. Lasterketa 10:00etan abiatuko da, eta Abaltzisketako itzulia bost aldiz egin ondoren –azken bietan Altzo ere bai–, 14:00ak alderako iritsiko dira helmugara sailkapeneko lehenak. Aurtengo berritasuna teknologia aldetik dator, historian lehen aldiz Internet bidez jarraitu ahal izango delako klasikoa https://bit.ly/2LZcpnl estekan. Goierriko Hitza-ren webgunean ere zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa. Ibilbidean zehar hiru kamera izango dira, eta beste bi helmugan. Pantaila erraldoi bat ere jarriko dute irteera-helmuga eremuan.
Etxekoen betiko ahalegina
Hemeretzi talde lehiatuko dira aurtengo edizioan, horietatik lau egitura Euskal Herrian dutenak: Movistar, Euskadi-Murias Caja Rural eta Euskadi. Lehena da World Tour maila gorenean ari den bakarra, tarteko biak Profesional mailakoak dira, eta Euskadi Kontinental mailakoa. Beste hamabost taldeen artean bada bat Ordiziako herritar talde baten «deserosotasuna» sortzen duena: Israel Cycling Academy. Israelgo taldea ez gonbidatzeko eskaera egiten die antolatzaileei Ordiziako Palestinaren Lagunak taldeak, «azken urteetan Israelgo Gobernuaren izena garbitu nahi duen» taldearen aurrean.
Orain hamabost egun aurtengo Italiako Giroaren irabazle Richard Carapaz Ordizian izango zela iragarri bazuten ere, azkenean ez da hala izango. Iazko lasterketa goitik behera menderatu zuen Michelton-Scott taldea ere ez da etorriko, eta horrek, lasterketa oso irekia utziko du. Bi dira lehian ariko diren txirrindulari goierritarrak: Gari Bravo lazkaotarra eta Alex Aranburu ezkiotarra. Etxeko lasterketa dute, eta ahalegin betean ariko dira. Bien taldeek ere begiz joa dute klasikoa, eta lehia estua espero da, beti ere Movistarrek lekarzkeen asmoen arabera.
Omendua, 1969ko irabazlea
Irteera baino lehen Juan Jose Garaialde Enparan bazkide-babeslea oroituko dute, eta bukaeran, Migel Mari Lasari (Oiartzun, 1947) omenaldia egingo diote. Orain 50 urte irabazi zuen lehenengoz Ordizian, eta 1978an lortu zuen bigarren garaipena.