Udalak San Isidro eta Esteban Orbegozo igogailu bidez lotuko ditu
Igogailua kiroldegi ondoan dagoenatik gertu jarriko dute, eta pasarela bat edukiko du San Isidrora pasatzeko. Zelai Arizti aretotik plazara doazen eskaileretan ere igogailua jarriko dute
Zumarragako Udalak San Isidro eta Esteban Orbegozo kaleak igogailu bidez lotuko ditu. Igogailua kiroldegi ondokotik gertu egongo da, eta pasarelak GI-632 zaharra zeharkatuko du. Igogailua 2020 amaierarako prest egongo da.
Azkeneko osoko bilkuran egitasmo hori Irisgarritasun Planean txertatzea onartu zen, diru laguntzak eskatu ahal izateko. Mikel Serrano Zumarragako alkateak herriaren goialdean 3.000-3.500 pertsona inguru bizi direla eta igogailu horri esker bizilagun horientzat guztientzat erdigunera joatea errazagoa izango dela esan zuen.
Igogailua kiroldegikoaren ondoan jarriko da eta pasarela San Isidro eta Elgarrestamendi artean dagoen aparkalekura helduko da.
Zelai Arizti aretotik plazara jaisten diren eskaileretan beste igogailu bat jarri behar dute. «Helburua azokan beraien produktuak saltzen dituzten baserritarrei lana erraztea da, baina igogailu hori herritar guztiek erabili ahal izango dute».
Serranok 2019-2022 Irisgarritasun Plana hirugarrena dela gogoratu zuen. «Hiru plan onartu baditugu, lehenengo bietan aurreikusten ziren neurri guztiak aurrera atera ditugulako da. 2008tik gaurdaino ia 5 milioi euro inbertitu ditugu. Barandak, eskudelak eta igogailuak jarri ditugu eta arrapalak egin ditugu».
Osoko bilkuran aparkaleku mugatuak arautzeko ordenantza ere onartu zen. Legazpi, Soraluze eta Piedad kaleetan, Euskadi plazan eta Elizkaleko zati batean ordu betez bakarrik apar- katu ahal da. Helburua merkatariei laguntzea da. Serranok merkatarien %75 eta gidarien %70 neurriarekin ados daudela esan zuen. Bizilagunen eskaerari men eginez, udalak aparkaldia ordu eta erdira luzatuko du.
Bestalde, irailetik aurrera udaltzaingoak isuna jarriko die ordenantza errespetatzen ez dutenei. Arau urratze arinagatik jarriko duten isuna 100 eurokoa izango da asko jota, baina alkateak isun ohikoena 30 eurokoa izango dela esan zuen. Arau hauste larria egiten dutenek (hiru ordu baino gehiagoz aparkatu) 200 euroko isuna jasoko dute.