Bihar amaituko dira Legazpiko San Inazio auzoko festak
Biharkoa izango da azken eguna San Inazio auzoko festez gozatzeko. Legazpiko Gazte Asanbladak eta gazte talde batek hartu dute aurten Beti Gazte elkartearen erreleboa festen antolakuntzan.
Bihar emango diote Legazpiko San Inazio auzoan amaiera jaiei. Legazpiko Gazte Asanbladaren eta gazte talde baten esku gelditu da festen antolaketa, eta oso egitarau zabala osatzea lortu dute. Asteburu indartsua izan dute: ostiralean hasi ziren festak, eta larunbat eta igandean jarraitu zuten. Bi eguneko geldialdiaren ondoren, bihar, San Inazio eguna izanik, egun osoko egitaraua dago prestatuta.
Azken egun honetan auzoko jubilatuengan jarri dute arreta bereziki antolatzaileek, eta hauentzat zenbait ekintza antolatu dituzte. Goizeko 10:00etan hasiko dute eguna, txistularien Goiz Deiarekin. Ordu berean, bolo txapelketa hasiko da Hotel Mauleon bolatokian. 10:45etan Meza izango da Santikutz egoitzan, Buskabaso auzo elkartearen ekimenez, eta 12:30etan auzoko jubilatuentzako luntxa egongo da Muruazpin. Amaitzeko, 16:30etan, Mus txapelketa dago antolatuta Muruazpi elkartean bertan.