Demode Quartet laukotea izango da plaza azpian ostegunean
Antzerkia eta musika uztartzen dituen Demode Cuartet laukoteak bere ikuskizuna eskainiko du ostegunean plaza azpian, 20:00etatik aurrera.
Igartza musika programaren barruan antolatu dituzten emanaldietako bat da ostegunean Demode Cuartet taldeak plaza azpian eskainiko duena. Programa honen barruan abuztuan izango den kontzertu bakarra izango da hau. 20:00etan hasiko da emanaldia.
Demode Cuartet laukoteak musika eta antzerkia uztartzen ditu ikuskizunean, umorez betetako ikuskizun musikala da. Lau taldekideek antzezten dituzten pertsonaien izaerek eta hauek abestutako bertsio bereziek ikuskizun entretenigarria osatzen dute.
Demode Quartet Joli Pascualena, Mikel de la Fuente, Iker Huitzi eta David Rosco antzezleek eta Patxi Barco gidoilari eta eszena zuzendariak osatzen dute.
Beraien hiru ikuskizunekin 200 antzezlekutatik gora pasa dira, horien artean Donostiako zinemaldiko irekiera eta itxiera ekitaldiak, besteak beste.