Gaur izan da uztaileko azken azoka
Egun bat aurreratu dute aste honetan Ordiziako feria bihar jai eguna dela eta. Uztail bukaera izan arren bazen mugimendua Ordiziako plazan.
Gaurko egunez, asteartea, izan da Ordiziako azoka aste honetan. Bihar San Inazio eguna dela eta, egun bat aurreratu dute asteroko hitzordua. Goizeko lehen orduan jende gutxi zebilen arren, apur bat beranduago jendea agertzen hasi da eta dezenteko mugimendua aurkitu zitekeen plazaren bueltan.
Loreena izan da goizean jende gehien pasa den postuetako bat, ilaran itxaron beharra ere egokitu baitzaie bezero batzuei. Aipatu behar da zenbait postu hutsik zeudela, baina ulergarria da, Beasaingo azoka ere gaurko egunez egiten baita.
San Inazio sagarra eskuragarri
Azokan gaur aurkitu genezakeen berritasunetako bat San Inazio sagarra izan da. Aipatu digutenez, San Juan sagarraren tankerakoa da, baina San Inazio egunaren inguruan biltzen dena. Kiloa 3€-an eros zitekeen.
San Inazio sagarraz gain beste hainbat produktu aurki zitzakeen bertara inguratzen zenak. Pipermin kiloa 10-12€ inguruan zegoen; leka gorria, berriz, 5-6€ inguruan kiloa. Azken hauei dagokionez, gainera, kantitatez ugaritzen ari omen dira.
Mikologia atalari dagokionez, bazen aukera. Axun Etxeberriak kilo bat gibelurdin 25€-an zuen. Lasa eta Barcinak bien artean 59kg onddo, 15-25€ artean kilo; eta 58kg zizahori, 18€-ren bueltan kiloa.
Datorren astetik aurrera feria berriro asteazkenetan izango da.