Usurbe antzokia birgaitzeko lanak aurrera doaz
Birgaitzeko lanak erritmo onean doaz, jadanik prest dago erakusketa aretora jaitsi ahal izateko igogailua. Obrak Irailaren bukaerarako amaituta egotea espero da.
Ekainean hasi ziren Usurbe antzokia birgaitzeko lanak, eta hiru hilabete inguru iraungo dute. Erritmo onean doaz lanak, eta jadanik erakusketa aretora igogailuz jaistea posible da. Orain arte zamak garraiatzeko soilik erabiltzen zen igogailua orain pertsonentzako egokitu da, erabiltzaileen irisgarritasuna nabarmenki hobetuaz. Hau zen obraren helburuetako bat.
Ez da igogailuarena, ordea, birgaitze lan hauetan egingo den aldaketa bakarra. Besaulkiak lekuz aldatuko dira, erabilgarri ez direnen partez beste besaulki berri batzuk ipiniko dituzte. Honez gain, aretoaren alde banatan pasilloak jarriko dira eta egun dagoen erdikoa desagertu egingo da, hau zegoen lekuan besaulki gehiago ipiniko direlarik. Palkoetara ere iritsiko dira aldaketak, hauetako azken ilarak kendu eta hutsuneak uniformizatuko dira; baita emergentzia irteerak hobetu ere.
Plaza kopuruari dagokionez, birgaitzeko lanen aurretik zegoen plaza kopurua mantenduko da. Irail amaierarako lanak bukatuta egongo direla aurreikusten da.