CAF-ek beste bi kontratu sinatu ditu Italian
Napoleseko metrorako unitateak eta Erroma eskualderako autobusak hornituko ditu CAF taldeak. Presentzia handia du CAF-ek Italiako merkatuan.
Bari-ko tren geltokia. / Argazkia: CAF. Bi kontratu berri sinatu ditu CAF taldeak Italian. Batetik, Napoleseko udalak bertako metrorako zuten kontratua zabaldu du eta beste 7 metro-unitate eskatu ditu. Bestetik, CAF taldekoa den Solaris autobusen fabrikatzaileak hiriarteko 300 diesel-autobus hornitzeko esparru-kontratu bat sinatu du.
Presentzia handia izan du CAF-ek azken urteetan Italian, ibilgailuen eta zerbitzuen gama zabalarekin. 2002-tik Erromako metroarentzat 71 unitate hornitzeaz gain, Trieste eskualderako 12 tren elektriko, 5 unitate Bari eskualderako edota 8 diesel-tren hornitu ditu Sardiniako eskualdeko lineetarako.
Cotral enpresa arduratzen da eskualdeko garraioaz Italian, eta esparru-kontratu bat sinatu du Solarisekin InterUrbino motako hiriarteko 300 diesel-autobus hornitzeko. Kontratu hori izango da enpresaren historiako handienetako bat eta, gauzatu ostean, 660 InterUrbino autobus izango dira Erroma eremuan zerbitzua eskaintzen.













