Abuztuaren 31n izango da Itsasoko Mendi Bizikleta Trabesia
Iñaxio Larrañagaren Memoriala den mendi trabesia honen 19. edizioa izango da aurtengoa, 22,78km-ko luzera izango du Itsason egiten den probak.
Itsasoko Mendi Bizikleta Trabesia San Bartolome jaien barruan izaten den ekitaldi nagusienetakoa izaten da. Azken urteetan Inañio Larrañagaren omenez egiten da. Trabesian parte hartzea guztiz doakoa da, eta izen-ematea egunean bertan egingo da. Derrigorrezkoa izango da kaskoaren erabilera.
Ibilbideari dagokionez, 22,78 kilometro izango ditu trabesiak. Itsaso inguruko mendietan zehar pasatzen da ibilbidea, eta gehiena pistaz izaten den arren, esan liteke ibilbide nahiko teknikoa dela. Gorabeheratsua izango da, eta jaitsiera politak izango ditu. Ibilbide laburragoa egin nahiko balu norbaitek, martxaren erdialdean Itsasotik pasako dira txirrindulariak; eta ez da arazorik egongo norbaitek bertan gelditu nahi badu.