Beasainmendi festarako prest
Igandean ospatuko dute Agortako jaia. Beatxurretako Juanito Elorza eta Ana Beitia omenduko dituzte. Bertsolariak, trikitilariak eta herri kirolak izango dira
Iraileko lehenengo igandea festa eguna izaten da Beasainmendin, Usurbeko gurutzea eta Agorta festa leku bihurtuta; irailean Beasainen izaten diren auzoetako jaietako lehenengoa. Beasainmendiko auzotarrek egitarau borobila prestatu dute egun horretarako. Hala ere, igandeko festaren antolaketa lanak bukatu ondoren, larunbatean, 21:00etan, herri afaria eta auzoko mus txapelketa egingo dituzte Agortan.
Igandean, suziriak botaz hasiko dute eguna, 08:00etan. Ondoren, 10:45ean, herri meza egingo dute Laja eta Narbaitza trikitilariekin eta Mikel Mendizabal eta Iker Zubeldia bertsolariekin. 11:30ean, korrikalarien txanda izango da: Andre Mari Zeruratuaren elizatik Agortarainoko bidea egingo dute korrikalariek. Kirolarekin jarraituz, Aizkorri mendizale elkarteko mendizaleei ongi etorria egingo diote 11:45ean. Ohi bezala, Zumarragatik oinez etorriko dira mendizaleak.
Omenaldien txanda
Jarraian, 12:00etan, trikitilarien eta bertsolarien saioa izango da eta 13:00etan, omenaldien garaia. Urtero auzotarrak omentzen dituzte eta aurten, Beatxurretako Juanito Elorzak eta Ana Beitiak jasoko dute herritarren omena. Elorza 1948ko maiatzaren 19an jaio zen Beatxurreta baserrian, Beitia Ormaiztegin, 1954ko abuztuaren 1ean. Alaba bat eta bi biloba dituzte.
Ondoren, Jokinen oroigarrian aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egingo dute.
Herri kirolak eta bazkaria
13:30ean herri kirolek hartuko dute lekua. Aizkoran Iñaki Azurmendi eta Arkaitz Jauregi, Ugaitz Mugertza eta Xabier Dorronsororen aurka ariko dira, eta harri jasotzen, Iñaki Apalantza.
Jarraian, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute. Menua, betikoa: arrain zopa, saiheskia, txuleta, fruta eta edaria. Txartelak salgai daude 34 euroan (haurrek 10 euro) Arrano elkartean (943 88 74 47) eta Iñaki Azurmendi harategian (943 16 16 74).
Bazkalondorenean, haur jolasak eta Laja eta Narbaizarekin erromeria izango dira.
Egunarekin amaitzeko, Agortan geratzen direnek bazkariko soberakinekin, afari merienda egingo dute.