Beasaingo Porru Kalea, festarako prestatzen
Gaur, 16:30etik, mus txapelketarekin hasiko dute jaia gazte lokalek; 19:00etan sagardo dastaketa egingo dute. Bihar, berriz, herri bazkaria egingo dute.
Beasaingo 15 gazte lokaletako gazteak, auzolanean, Porru Kaleko festak antolatzeko lanean ari dira buru belarri, uda guztiko lanaren ondoren, iritsi baita festarako garaia. Goizean goizetik, Gernika pasealekuko pilotaleku txikian lanean ari dira, Lokaletatik Herriarentzat dioen pankartaren leloa oinarri hartuta.
Pilotalekuan bertan egingo dute gaur 16:30ean mus txapelketa. 18:45etako txupinazoaren ondoren, sagardo dastaketa egingo dute Erauskin Plazan. Egunarekin amaitzeko, 21:00etan hasita, pilotalekuan, Guri 5 erromeri taldea eta Eman Emak disko jartzailea izango dira.
Bihar, berriz, 14:30ean herri bazkaria, 17:30ean Porru Sariak eta 18:30ean Zuttik elektrotxarangarekin poteoa egingo dituzte.
Gazteen artean arrakasta izan duen festa izan dela esan daiteke, biharko herri bazkarirako 260 lagun baino gehiago baitaude izena emanda.