Irailaren 12an 'Prebenitu daiteke Alzheimerra?' ikastaroa egingo dute Beasainen
EHU-ko Udako Ikastaroen barruan egingo da Igartzako Jauregian. Izena eman daiteke.
EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak eta Beasaingo Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, aurten egingo den bigarren ikastaroa da irailaren 12an egingo den Prebenitu daiteke Alzheimerra? ikastaroa; ekainaren 27an, Fabrikazio gehigarriaren eragina industrian izeneko ikastaroa egin zuten Beasainen.
Alzheimerraren prebentzioaren gaia gaur egun zertan den aztertzea izango da EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) Udako Ikastaroaren helburua. Pablo Martinez Lage neurologoak zuzenduko du ikastaroa. Metatu den ezagutzak eta egun martxan dauden ikerketek etorkizun «itxaropentsu» bat iragartzen dutela diote adituek, «baina beharrezkoa da azterlan gehiago egitea, eskala handian, biztanleria eta esku hartze askotarikoekin». Ikastaroa irekia da, baina aurrez izena eman behar da www.uik.eus webgunean.
Martinez Lage ezaguna da beasaindarren artean, udalak eta Cita Alzheimer Fundazioak elkarlanean aurrera eramandako Goiz Beasain narriadura kognitiboaren detekzio goiztiarrerako programaren arduradunetako bat baita.