Munduko txapelketaren aurreko klasikoa jokatuko da igandean Beasainen
Junior mailako 34 talde eta 200 txirrindulari elkartuko dira Nafarroa Etorbideko irteera puntuan. 114 kilometro osatu beharko dituzte. Goierriko sei txirrindularik hartuko dute parte
Munduko txirrindu txapelketaren aurreko junior mailako proba garrantzitsua jokatuko da igandean Beasainen: 38. Beasain Proba. Loinatz Txirrindulari Elkarteak Gipuzkoako Txirrindu Elkartearen laguntzarekin antolatutako proba da.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldearekin batera, Euskal Herriko eta Espainiako 34 talde onenetako 200 txirrindulari inguru izango dira Nafarroa Etorbideko irteera puntuan. 10:00etan hasita, 114 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Goierri inguruko errepideetan barrena. Beasaingo tarteko helmugatik hiru aldiz pasako dira: 10:45, 12:00 eta 12:16 inguruan.
Mendateei dagokienean, hirugarren mailako Lierni bi aldiz igo beharko dute (38. eta 99. kilometroetan), hirugarren mailako Altzo behin (65. kilometroan) eta bigarren mailako Olaberria (85. eta 108. kilometroetan) beste bi aldiz. Lehenengo korrikalariak 12:50 aldera iristea aurreikusten dute antolatzaileek.
Goierriko txirrindulariak
Goierritarrei dagokienean, sei txirrindulari gaztek hartuko dute parte igandeko proban: Aimar Aiestaranek (Zaldibia), Iraitz Mendizabalek (Beasain), Enaitz Aierbek (Ordizia), Iker Barandiaranek (Lazkao), Adur Barandiaranek (Ataun) eta Enekoitz Azparrenek (Astigarraga).