Beasaingo Gaztetxeak 15. urteurrena ospatuko du bihartik larunbatera
Ostiralean eta larunbatean kontzertuak izango dituzte. Eki Tattoo-ren 20. urtemugako ekitaldiak, mozorro festa eta jan-edanak ere ez dira faltako.
Abuztuaren 22an 15 urte bete ziren, gazte talde batek Beasaingo Gaztetxea dagoen eraikina okupatu zuela. Urtero gogoratzen dute egun hura eta Igartza auzoko jaiekin bat eginez, urteurreneko ekintza ugari antolatu dituzte aurten ere, bihar, 19:00etan, herrian zehar egingo duten Bizipotearekin hasi eta larunbatera bitartean. Ostiralean eta larunbatean, gaztetxean bertan egingo dituzte ekintza gehienak.
Ostiraleko ekintzak, Eki Tattoo dendaren 20. urteurreneko ekitaldiekin osatuko dituzte. 19:30ean, Suspensing ikuskizuna egingo dute (16 urtetik gorakoentzat) eta 23:30ean, Malos Tiempos Bastardos eta Korkones taldeen kontzertuak izango dira.
Larunbaterako egun osoko festa antolatu dute, mozorroak lagun dituztela. Mozorrotzeko gaia ondorengoa da: Oria errekako fauna eta flora. Goizean goizetik hasiko dira festan gazteak. 11:30ean, serigrafia tailerra egingo dute; bakoitzak bere kamiseta eraman beharko du. Ondoren, 14:30ean bazkaria egingo dute. Bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du eta edaria gaztetxeak jarriko du. Bazkalondorenean, bingo musikatua eta 17:30ean, Kike Tormenta bakarlaria izango dituzte.
Iluntze partean, Igartza auzora eramango dute festa: 19:30ean poteo musikatua egingo dute Igartza auzoan eta ondoren familia argazkia aterako dute. Gauerako, azkenik, kontzertuak antolatu dituzte, gaztetxean bertan: Sharp Cut eta Txemak. Ondoren, Olariusen omenezko DJ herrikoia egingo dute.
Goizaldera, baratxuri-zopa jana eta gantzontzilo eta kulero lasterketa egingo dituzte urteurrenarekin amaitzeko.