Larunbatean amaituko da Beasain Futbol Festan parte hartzeko izena emateko epea
Irailaren 13tik 15era bitartean jokatuko da Loinazko San Martin plazako futbol zelai txikietan.
Astebete geratzen da Beasaingo Futbol Festaren hasierarako. Irailaren 13, 14 eta 15an izango da Beasaingo Loinazko San Martin plazan eta parte hartu nahi duten taldeek irailaren 7a izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako Beasaingo Xerbera tabernara jo beharko dute (Geltoki ondoan, Barrendain plazan) eta bertan izena emateko orriak bete. Haurren partiduei dagokionez, adinen arabera maila ezberdinetan egongo dira banatuta partiduak. Eta gogoratu parte hartzaile guztiei banatuko zaiela aurtengo edizioko kamiseta eta oroigarria azken egunean.
Asteburu osoko plana
Asteburu osoa iraungo duen festa honetan futbola herriaren bihotzera ekartzea da helburu nagusia eta hori aprobetxatuz egitarau oparoa antolatu du Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritza taldeak. Ostiralean Urkiola jatetxetik zuzenean eskainiko den Onda Vascako La movida deportiva irratsaioarekin emango zaio hasiera asteburu osoko jaiari. Haurren partiduak arratsaldeko lehen orduan hasiko dira eta asteburu osoan etengabe jokatuko dira igandera bitartean. Iluntzean Beasain KE-ko taldeen aurkezpena egingo da. Bitartean zer jan eta zer edan izango da bertan jarriko den taberna eta jatetxearekin; pintxoak, janaria eta paella erraldoia sukaldatuko da igande eguerdian. Haurrentzako tailerrak ere egingo dira.
Futbola herrira
Urteroko legez, Beasain Kirol Elkarteak antolatzen duen jaialdi honekin futbola herritartzeko asmoa bete nahi da. Herriaren erdigunean, plaza nagusian, bi futbol zelai txiki jarrita txikienei futbolaren “harra” barneratu nahi zaie etorkizuneko Beasain Kirol Elkarteko jokalari edo zale izateko helburuarekin.