Mikel Urretabizkaia ordiziarraren 'Gazta' zinemaldira
Idiazabal gaztaren zaporea izango du aurten Donostiako Zinemaldiak eta Basque Culinary Centerrek elkarlanean antolatutako Culinary Zinema sailak. Azken egunotan jakinarazi dutenez, Mikel Urretabizkaia ordiziarrak zuzendutako Gazta filma bertan estreinatuko dute.
Aurretik beste ikus-entzunezko batzuk egindakoa da ordiziarra. Oraingo honetan, berriz, El secreto de Urdaneta dokumentalaren egileak, itsas bidaiak utzi eta Urbia, Aralar eta Gorbeiako artzainen bizimodua eta lan egiteko moduak bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu, baita erakustera eman ere.
Azken lan horretan, artzain lanetan aritzen diren hainbat pertsonarekin egon da Urretabizkaia, besteak beste, Eli Arrillagarekin eta Mikel Etxezarreta- rekin, eta Joseba Insausti eta Karmele Murua gaztagileekin. Haien testigantzak jaso ditu dokumentalean. Gainera, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Roca bezalako sukaldari ezagunak ere agertzen dira.
Sarrerak laster salgai
Culinary Zinema sailean bederatzi film ikusi ahalko dira guztira, irailaren 22tik 27ra bitartean, horietako zazpi, afari tematikoekin lagunduta. Afaridun emanaldietarako sarrerak etzi ostirala jarriko dituzte salgai (70 euroan). Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan eros daitezke; sarrera arruntak, berriz, hilaren 15etik aurrera (7,90 euroan).