«Hiru belaunaldirekin partekatu ditut Basarri Sariak 20 urte hauetan»
Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak Zarauzko Udalak antolatzen duen 35. Basarri Saria irabazi du 'Nola ez dakizun hori' bertso sortarekin. Aurtengoarekin, seigarren aldiz jaso du txapela.
Basarri Saria, bertso paper lehiaketen artean, garrantzitsuenetakoa dela esaten da.
Bertso paper sariketetan dagoen garrantzia eta tradizio handiena duena da. Partaidetza handia izaten du, gainera. Aurten ere, 16 lan aurkeztu dira, gainerako literatur generoetako sariketetan (narrazio, poesia) aurkezten den adineko kopurua eta handiagoa.
Ez da lortu duzun lehen txapela.
Ez. Duela 20 urte izan nintzen lehen aldiz saritua Basarri Sarian. 2. saria irabazi nuen orduan (1999); 2001ean eta 2002. urteetan ere bai. 2003an, 1. saria lortu nuen. Ondoren 12 urtean inora lanik aurkeztu gabe egon nintzen. Geroztik, hiru urtez jarraian, 2015, 2016 eta 2017an 1. eta 2. sariak irabazi nituen. Iaz arauak aldatu zituzten, saria irabazten zuena hurrengo urtean epaile izango zela eta pertsona berberak ezingo zituela bi sariak irabazi. Beraz, 2018an ezin izan nuen parte hartu epaile lanetan aritu nintzelako. Aurten, berriz ere, 1. saria irabazi dut. Sariketa berezia da niretzat: 9 aldiz aurkeztu naiz eta 8tan irabazi dut sariren bat gutxienez, eta 6tan lehenengoa.
Urte horietan guztietan, makina bat bertsolarirekin topo egingo zenuen.
Horixe nabarmendu dute, eta oso ederra da gainera, 3 belaunaldi ezberdinekin partekatu ditudala sariak 20 urte hauetan, Pello Esnal eta Imanol Lazkanorekin, nire belaunaldikoekin, eta aurten ni baino 22 urte gazteagoa den Aner Peritzekin, berak irabazi baitu 2. saria. Ederra da belaunaldiz belaunaldi hor jarraitzen dudala ikustea.
Aurten zein gai aukeratu duzu?
Aurtengo lanaren izenburua Nola ez dakizun hori izan da, Irati Jimenezen nobela ederraren tituluari keinu eginez. Baina nora beharrean nola jarrita. Eta gaia, gure gizartearen bizimodua, martxa, abiadura, estresa, txikizioa, aseezina, eta justu kontrakoa aldarrikatzen dut, patxada, giza harremanak, naturarekiko atxikimendua, teknologia berrien neurrizko erabilera, ingurunearen eta geure buruaren zaintza. Ikaragarri kezkatzen nau 14-15 urteko ikasleak sakelako telefonoekin gaixotzeraino zein kateatuta dauden ikusteak, gauzak ahaleginik gabe lortu nahi izateak, oro har, naturarekiko dugun axolagabekeriak, bi metro egiteko autoa hartzeko hautuak… Kezka horietatik abiatuta ondutako bertsoak dira.
Aurreko urteetan saritutako bertso sortak oihartzun zabala izan dute. Transexualitateari buruzkoek, esate baterako.
Are betegarriago zait bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan zenbait sorta euskarako eta filosofiako klaseetan lantzen ari direla jakitea, edo Huntza bezalako musika talde baten disko eta kontzertuetan kantatzen direla jakitea. Ederra da idazten dudana adin eta eremu ezberdinetako hartzaileek langai dutela ikustea.
Azkeneko bi urteetan Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa irabazi duzu. Hilaren 15ean izango da sari banaketa.
Pena eman dit aurten aurkeztu ere egin ez izanak, baina ikasturte amaierarako izaten da aurkezte epea, eta ez naiz iritsi. Patxadan eta hitz bakoitza asko borrokatuz idatzi beharrekoa naiz gainera. Azken urtean sorta bakarra idatzi dut, Basarri Sarian saritu berri dutena. Kontua da ikasturtean zehar ikasleei oso emana izaten naizela ikastetxean eta transexulitatearen, aniztasunaren eta maitasunaren inguruko lanketan ere buru-belarri nabilela herriz herri Trans-formatzen dokumentalarekin eta Mahaitasunez/Mesame emanaldiarekin.
Hamabi urteko etena onuragarria izan da, beraz.
Oso pozik nago, 12 urteko etenaldiaren ondoren idatzi ditudan sorta guztiak (12) idatzi eta aurkeztu ahala izan direlako sarituak lehiaketa ezberdinetan, eta epaile ezberdinekin. Egia esan azken urteotan oso gustura ari naiz geratzen sortzen dudanarekin, esaten dudana esan nahi dudanetik eta esan nahi dudan modutik gero eta gertuago dago.