Lierniko Andra Mari jaia ospatuko dute igandean mutiloarrek
Gazteen txirrindulari proba bikoitza jokatuko da. Herri bazkarirako izena eman behar da. Herri kirolekin eta erromeriarekin amaituko da eguna
Mutiloarrek urteroko jai eguna dute irailaren 8an, Lierniko Andra Mari egunean. Igande osoko plana antolatu dute izen bereko ermitaren inguruan. Segurako txistularien goiz eresiarekin hasiko dute eguna. Ondoren, 09:30ean, junior eta 2. urteko kadete mailetako 38. Lierniko Txirrindulari proba jokatuko da, Lierniko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Bi zati izango ditu probak. Lehenengo, 09:30ean, 60 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Goierriko errepideetan. Jarraian, 11:45ean, 4 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Seguratik Liernira goizeko probako lehenengo 45 txirrindulariek; minutuko tartearekin aterako dira partaideak.
13:30a aldera amaituko da proba eta ondoren, meza nagusia izango da ermitan. Toka lehiaketa eta Miren, Agur eta Oier trikitilarien saioa izango dira bazkariaren aurretik. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute mutiloarrek (taldeka, etxetik eramanda). Dena den, Mutiloako Udalak jakinarazi du herri bazkarira joan nahi dutenek izena eman behar dutela udaletxean; gaur da azkeneko eguna.
Egunarekin amaitzeko, 18:15ean herri kirol jaialdia hasiko da: Iñaki Azurmendi eta Aratz Mugertza, Joseba Otaegi eta Xabier Zalduaren aurka aizkoran, eta Xabier Aranburu Guzta harria jasotzen. Jarraian, erromeria izango da Miren, Agur eta Oierrekin.