Euskarari egurra emanez hasi dituzte Euskal Jaiak Ordizian
Emaneurre Euskarari Egunak eman die hasiera aurtengo Euskal Jaiei Ordizian. Goizean zehar herri kirol eta sokatira norgehiagoka egin dute herriko gazteek Plaza Nagusian, eta bazkarian elkartu dira gero. Festak jarraipena du arratsaldean eta gauean, Nogen taldearen kontzertuarekin
Euskal Jaiak hasi dira Ordizian, goizeko 11:00etan abian jarri den Emaneurre Euskarari egunarekin. Emaneurre elkarteak antolatutako egun honetan, festa girorik ez da faltako Ordiziako herrigunean gaueko ordu txikiak arte.
Sokatira eta herri kirol norgehiagokak ireki du egitaraua. Plaza Nagusian 20 kuadrillatan banatutako 160 gazte elkartu dira. Emakumez soilik osatutako zortzi taldek, gizonezkoek beste zortzik eta lau talde mistoek hainbat probari aurre egin behar izan diete: sokatira, txinga, zakua, lasterketa, harri jasotzea, trontza eta sega..Sokatiran irabazlea Sophomores taldea izan da, eta bigarren Downtown ; herri kiroletan, berriz, km-39 taldeak irabazi du eta bigarren Gauss geratu da.
Egitarauan hurrengoa herri bazkaria da; pilotaleku txikian da, eta bazkalondorena alaitzeaz Zutik Eelektrotxaranga arduratuko da. Festak jarraipena izango du gauean, 23.00etan, Nogen musika taldearen kontzertuarekin. Plaza Nagusian izango da kontzertua, eta ondoren, Zutik elektrotxarangaren saioak hartuko dio erreleboa.
Hona hemen herri kirol norgehiagokak utzitako irudi batzuk (ARGAZKIAK: MYRIAM ARAMBURU):